![]() |
Datorren abenduaren 22an, 16:00etan, Errugbiko gizonezkoen Euskal Selekzio Seniorrak Cote Basque Landes taldearen aurka partida jokatuko du Faduran (Getxo), Europako Erregioen Txapelketaren barruan. Euskal Errugbi Federazioak, ordea, ez du oraindik hautatutako jokalarien zerrendarik eman, behin-betiko zerrena lesionatuen araberakoa izango da eta; halere, jokalari posible batzuk aipatu ditu federazioak: Pablo Feijoo (Leicester Tigers), Jouseff Haddar (Aviron Bayonnais), Imanol Monasterio (Getxo RT), Jon Magunazelaia (Gernika RT), Oier Garmendia (Hernani CRE)…
Aurkariari dagokionez, izen bera daramaten frantses estatuko departamentuetako klubak biltzen ditu Cote Basque Landes Batzordeak. Hartara, Euskadiko Selekzioaren aurka jokatuko duen taldea Federal 1, 2 edo 3 mailako taldeetan dabiltzan kirolariekin osatuta egongo da: St. Jean de Luz Olympique, US Nafarroa, AS Bayonne, St. Vicent de Tyrosse, St. Paul de Dax, Rotes, SA Hagetmau, Peyrehorade Sport Rugby Pays d´Órthe, Boucau Tarnos Stade, US Mugrón... Gainera, parte hartzaileetako batzuk talde profesionaletatik datoz. “Cote Basque Landes talde gogorra da. Jokalariak profesionaltasunaren atarian daude”, azaldu du Jose Miguel Galdos Euskal Selekzioko zuzendari teknikoak. “Baliteke eurek faborito izatea, baina guk irabazteko jokatuko dugu. Eurek baino azkarragoak izan behar dugu”.
Euskal Selekzioak txapelketa ofizial bitan parte hartzen du gaur egun: Erkidegoen Txapelketa Seniorra-1. maila, estatuko beste selekzio batzuekin eta Europako Erregioen Txapelketa, zeinetan Erkidegoetako Txapelketan klasifikatutako lehenbiziko laurek parte hartzen duten.
Euskadiko Selekzioa Europan
F.I.R.A.-k, Amateur Errugbiaren Nazioarteko Federazioak, 2001-2002 denboraldian sortu zuen Europako Erregioetako Txapelketa. Euskal Selekzioak nazioarteko lehiaketa batean parte hartzen zuen lehenbiziko aldia izan zen, 20 azpiko futboleko eta surfeko Euskal Selekzioekin batera
Horrela, Suedian, Italian eta Hungarian izan da azkeneko urteetan Selekzioa eta, era berean, bertako taldeak ere hartu ditu. Denborarekin, kirol maila igotzen joan da Euskal Selekzioa, beti lehenbiziko postuetan dauden Frantziako Batzordeen parera helduz.
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





