2008/09/26

Asteburu honetan herri kirolen barruan Euskal Herriko bi txapelketa burutuko dira. Bihar, lasto altxatzea eta etzi trontzalariak. Igantzin arratsaldeko 18:30tan, Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa izango da, hamasei parte hartzaile izango dituelarik. Igandean, Aizarnazabalen, arratsaldeko 6tan hasita, trontza txapelketa egingo da. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan erabakiko dira txapeldunak. Emakumezkoetan lau bikote izango dira eta gizonezkoetan sei.

argazkia: www.sakana-mank.com




2008/09/25

Dena prest dago igandean zaletuen artean ikusmin handia piztu duen aposturako. Izeta II.a eta Aimar Irigoien nor baino nor izango ditugu Tolosako zezen plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. 137,5 kiloko harri kubikoarekin 10 minutuko hiru txanda izango dituzte.  

Jokoan, kirol ohoreaz gain, bakoitzak jarriko dituen 20.000 euroak. Lehia hasi aurretik gauza asko entzuten dira zaleen artean: Izeta ohituago dagoela lan hauetara, teknika eta esperientzia lagun ditula. 

Aimar Irigoien gaztea dela eta indarra soberan daukala. Bien aldeko pronostikoa egiteko arrazoiak. Irabazleak egin beharko dituen altxaldi kopurua ere hizpide izaten ari da: 110 nahikoa izango direla, 116 beharko direla, 120 altxaldi iritsi beharko dela. Igandean argituko dira zalantza guztiak, plazan egiten duten lanak jarriko du bakoitza dagokion tokian. 




2008/09/24
Mari Jose Sardon harrijasotzaileak marka berria ezarri zuen 100 kiloko bolarekin: bost minutuko txanda bakarrean hiru jasoaldi eman zizkion Iruran eginiko jaialdiaren barruan. 

Marka hobea ez zuen urrun izan, eginiko hiru jasoaldiez gain, beste bi ustel adierazi baitzizkioten. Horrek erakusten du indarra baduela marka hau hobetzeko.



2008/09/23

Floren Nazabal, Juan Jose Lopez, Mikel Mindegia, Donato Larretxea eta Antonio Senosiain izanen dira Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako protagonistak. Igande arratsaldean jokatu zen kanporaketa Uharte-Iruñean eta Floren Nazabal etxarriarrak lortu zuen denborarik onena. 

Hamar aizkolari aritu ziren lehian, hiru txandatan banatuta. Lehenbizikoan lau aritu ziren lanean:, Lopez, Larretxea, Vicente eta Jaunarena. Lopez izan zen azkarrena, 14 minutu eta 28 segundoko denborarekin, eta bistan da Lezaungoak oso bolada gozoan diharduela. Izan ere, Euskal Herriko Maila Nagusiko Txapelketako kanporaketan lan aipagarria egin zuen, hirugarren sailkatu zelarik. 

Donato Larretxeak 6 segundo gehiago behar izan zituen. Bigarren txandan, Rekondo, Mindegia eta Aitor Senosiain lehiatu ziren, eta Mindegia izan zen azkarrena, 14 minutu eta 32 segundoko denborarekin. Beraz, Lopezek baino lau segundo gehiago eta Donatok baino 2 gutxiago behar izan zituen Ezkurrako aizkolari beteranoak.  

Hirugarren txandan ere, hiru aizkolari aritu ziren lanean; Nazabal, Antonio Senosiain eta Barberena; Nazabal izan zen onena, eta baita kanporaketakoa ere. 13 minutu terdi behar izan zituen Etxarrikoak, bigarren sailkatuak baino kasik minutu bat gutxiago. Bosna pago-enbor ebaki zituzten hamar aizkolariek: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Gainera, 57 segundoan hobetu zuen iazko marka Nazabalek. 

Rekondo eta Vicente bigarren mailara Finalerako sailkatuei dagokienez, iaz Barberena sailkatu zen, baina aurten Antonio Senosiainek hartuko du bere lekua. Izan ere, iaz Barberena bosgarren sailkatu zen eta Senosiain seigarren; gaur alderantziz. Bestalde, aurtengo sailkatu guztiek hobetu egin dute iazko denbora. Aipagarria izan da Antonio Jaunarena zubietarra, iaz bigarren mailakoan ateri eta irabazi ondotik, berriro aritu delako lehen mailako txapelketan, eta eutsi egin diolako mailari. Aldiz, Jon Rekondo leitzarrak eta Daniel Vicentek galdu egin dute Nafarroako Maila Nagusia. 

Sailkapena Honelaxe gelditu zen:

1. Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz): 13:30

2. Juan Jose Lopez (Lezaun): 14:28

3. Miel Mindegia (Ezkurra): 14:32

4. Donato Larretxea (Arantza): 14:34

5. Antonio Senosiain (Olagüe): 16:01

6. Joxejuan Barberena (Beruete):16:18

7. Aitor Senosiain (Olagüe): 16:58

8. Antonio Jaunarena (Zubieta): 17:15

9. Jon Rekondo (Leitza): 17:27

10. Daniel Vicente (Otsagi): 17:58 

Finala urriaren 5ean jokatuko da, eguerdiko 12etan jokatuko da Etxarri-Aranatzen.

AIZKORA TEAM













Iñaki Azurmendi beasaindarrak jantzi du bigarren aldiz Gipuzkoako Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako txapela
2008/09/07

Arriarangoak minutu eta 16 segundoko aldea atera dio Joxemari Olasagasti txapeldunordeari. 

Donostiako Trinitate plazan jokatu da txapelketa, eta bost aizkolari aritu dira lehian: Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia). Iñañi Azurmendi (Arriaran, Basain),Luismari Txapartegi (Aizarna), Fausto Mugertza (Muriku) eta Jexuxmari Lasa (Legorreta).  

Aizkolari bakoitzak hamarna pago-enbor ebaki beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko, ondoko hurrenkeran jarrita: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako, bi oinbiko, bi 60 ontzako eta bi kanaerdiko. Olasagastik ebaki du lehen enborra (lehen kanaerdikoa) azkarren (01:28) eta Mugertzak bigarren (01:30). 

Laugarren enborra ebakita, Olasagastik jarraitu du lehen postuan (09:10) eta Txapartegi jarri da bigarren postuan 8 segundora. 

Lanerdiak izan ohi dira aizkora txapelketetako lehen mugarria, eta Olasagasti izan da lehena bosgarren egur hori (lehen oinbikoa) ebakitzen(14:40); Txapartegi izan da bigarren, 31 segundora (15:11); Azurmendi hirugarren, minutu eta 20 segundora (15:59); Lasa laugarren, 2 minutu eta 8 segundora (16:48) eta Mugertza bosgarren, 2 minutu eta 17 segundora (16:57). 

Lanerdietatik aurrera, Azurmendik gora egin du nabarmen. Bigarren oinbikoa ebakita, aurrea hartu dio Txapartegiri, eta proba amaitzeko bi kanaerdikoak falt zirela, parean jarri zaio Olasagastiri. Txapeldun berriak ederki eutsi dio azken txanpako erritmo biziari, eta azkenean, minutu eta 16 segundo azkarrago amaitu du lana Azurmendik. 

Sailkapena: 1. Iñañi Azurmendi (Arriaran, Basain): 33:19 2. Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia): 34:35 3. Luismari Txapartegi (Aizarna): 36:11 4. Jexuxmari Lasa (Legorreta): 36:39 5. Fausto Mugertza (Muriku): 39:34.

Trinitate plazan 300 ikusle elkartu dira txapelketa zuzenean jarraitzeko. Euriak mehatxu egin du saio osoan, baina ateri eutsi dio. 

Egilea: Ainara Mantinez Gonzalez
Kategoriak: Aizkolariak
Tags:
Iruzkinak irakurri (0) edota iruzkin berria egin







Edukia igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:


Zure pasahitza ahaztu duzu? >>

Aizkolariak, harri-jasotzaileak, sokatira, idi-probak... esku-eskura duzu orain herri kirolerako mediabloga zeure albisteak bidaltzeko. Textua soilik, textua eta argazkia edota textua eta bideoa bidaltzeko aukera duzu. Anima zaitez!!
Kategoriak
EiTB-ren beste blog batzuk
Esteka interesgarriak
Bilatu
Azken iruzkinak
Euskal Herriko bi txapelketa - Asier - 2008-10-20 17:42:28
SOKATIRA: Bukatu da lur gaineko munduko txapelketa - iņaki - 2008-09-10 20:09:18
290 kilo, bizkarrera - anonimo - 2008-02-20 17:01:03
Nazabal, Euskal Herriko txapeldun - miren - 2007-12-04 20:24:07
Artxiboak
Astean iruzkin gehien jaso dituztenak
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu