![]() |
Gaur jokatu dira emakumezkoen eta gizonezkoen Euskadiko Lokotx-biltze Txapelketak, Bilboko Casilla kiroldegian.
Emakumezkoetan seigarren txapela jantzi du Maika Ariztegi nafarrak eta gizonezkoetan lehen aldiz lortu du txapela Eneko Garmendia gipuzkoarrak. Kirolari guztiek 50 lokotx bildu behar izan dituzte. 130 ikusle bertaratu dira Casilla kiroldegira, eta ETBk zuzenean eskaini du txapelketa.
Lehenik emakumezkoen lehia jokatu da. Hiru lokotx-biltzailek jardun dute emakumezkoen txapelketan; hots, Maika Ariztegik, Nahiara Ferranek eta Itsaso Hernandezek. Hastapenetik ikusi da Maika Ariztegik eskarmentu handiagoa zuela, baina, halere, lau saskiratze huts egin ditu, eta horiek asko dira beretzat. Lehen oso marka ona zuen egina (7:23), baina aukera polita galdu du gaur. Hauxe adierazi du probaren amaieran: “Nire marka ondu nezakeen, baina garesti ordaindu ditut hutsak. Ikusi dut erraz ari nintzela lehian, eta saiatu naiz urrunxeagotik saskiratzen; pena izan da”.
Emakumezkoen sailkapena: 1. Maika Ariztegi (35 urte, Ituren, Nafarroa): 7:28 2. Nahiara Ferran (23 urte, Gasteiz, Araba): 7:53 3. Itsaso Hernandez (29 urte, Legutiano, Araba): 8:29
Gizonezkoen txapelketa bi txandatan jokatu da. Aurrenekoan, Eneko Garmendia, Jon Larrañaga eta Iñaki Ekisoain aritu dira lokotx biltzen. Eneko Garmendiak zuen gaurko partaideen arten markarik onenetakoa, irailaren 2an eginikoa Herrialdeetako Txapelketan. Gaur ere oso saio ona egitekotan kantxaratu da, baina nahi baino huts gehiago egin ditu; guztira, lau. Hala ere, ez da eragozpena izan lehen txapela irabazteko. Aurten, gainera, Gipuzkoakoa ere berak irabazi du.
Bigarren txandan Alberto Martin, Alfonso Alvarez, Iñigo Lasaga eta Alberto Ibañez aritu dira. Ozta-ozta ibili da Alberto Ibañez eskarmentu handiko kirolaria txapela janzteko, baina hirugarren sailkatu da Ekisoain nafarraren gibeletik. Ekisoainek adierazi du ez dela behar bezala prestatu gaurko txapelketarako. Izan ere, Patxi Irazoki eta Josu Jumenez ziren aritzekoak, baina azkenean ezin izan dute, eta Ekisoain aritu da. Aurreneko hiru sailkatuek bi segundoko aldearekin amaitu dute txapelketa. Hauxe adierazi du Garmendia txapeldunak amaieran: “Herrialdeetako Txapelketatik ona 30 segundo hobetu dut entrenamenduetan, eta hirugarren lokotx iladatik saskiratzea lortu dut. Gaur, hala ere, huts gehiegi egin dut”.
Gizonezkoen sailkapena: 1. Eneko Garmendia (26 urte, Baliarrain, Gipuzkoa): 6:36 2. Iñaki Ekisoain (35 urte, Berriozar, Nafarroa): 6:37 3. Alberto Ibañez (37 urte, Gasteiz, Araba): 6:38 4. Jon Larrañaga (25 urte, Mendaro, Gipuzkoa): 6:54 5. Alfonso Alvarez (36 urte, Algorta, Bizkaia): 6:58 6. Iñigo Lasaga (25 urte, Etxalar, Nafarroa): 7:20 7. Alberto Martin (25 urte, Gasteiz, Araba): 7:58
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





