![]() |
Jokalarien arteko berdintasuna nagusi izan da beste astebetez Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketa Nagusian, bosgarren txandaren ostean, bost jokalari baititugu 4 punturekin berdinduta, eta euren atzetik beste jokalari bat 3.5 punturekin.
Orain arteko lider biek partida luze eta interesgarria jokatu zuten, baina hasieran pieza zuriak zeramatzan Argandoñak ezin zuen abantailarik lortu eta Alcaidek maniobra polit batekin piezak aldatu eta kolore desberdinetatik dabiltzan alfilekin geratzea lortu eta berdinketa lortu zuen.
Bi hauei, Iñigo Martin eta Edu Sanz donostiarrak batu zaizkie, euren partidetan, Zulaika eta Gonzalezi irabazi ostean, pieza beltzekin, zuriekin galdutako puntuak lortzen dituztelarik. 4 puntu ditu baita ere Errenteriako Fomento Cultural taldeko David Garrido gazteak, txapelketako sorpresa izaten ari denak, Ladron de Guevara zarauztarra pieza zuriekin final interesgarri eta ikusgarri baten gainditu ostean.
Atzerago, 3.5 punturekin, Beasaingo Alfil taldean jokatzen duen Asier Lakunza ordiziarra dugu, Jaumandreu donostiarrari pieza beltzekin irabazi ostean. Honen ostean, 11 jokalari datoz 3 punturekin, oraindik ere Txapelketaren lehenengo postuetan muturra sartzeko asmoarekin.
Donostian jokatzen den Bigarren Mailako Txapelketan, lehenengo bi mahaietako berdinketek, berriz ere joan zen astean genuen sailkapena edukitzea ekarri du, lehengo liderrak ditugularik txapelketaren buruan: Gros Xake Taldeko Fernando Markina eta Pablo Ezkerro eta Club Deportivo Fortunako Sergio Lanz.
Azkoitiko Bigarren Mailakoan, Aitor Arroitajauregi garaipenak, lidergora eraman du eibartarra. Gaizka Alberdiren aurkako garaipenak, orain arteko lider Aitor Priyaren atsedenak eta Hector Sanchez bigarrenaren berdinketan, 4 punturekin bakarrik utzi dute eibartar gaztea, Euskadiko Infantilen azpitxapelduna, txapelketaren lidergoan.
Donostiako Hirugarren Mailako Txapelketan, Arturo Ramón eta Juan Pablo D’Anna liderren berdinketak, Jokin Fernandez beasaindarrak txapelketaren lidergoa hartzea sorrarazi dute, Alfil taldeko jokalaria lider baita 4.5 punturekin, 4 puntudun laukote baten aurretik.
Azkoitiko hirugarren mailakoan, Edu Olabe eibartarrak darrai lidergoan, asteburuan jokatutako bi partidak irabazi ostean. Eibartarrak jokatutako 6 partidak irabazi ditu eta bakarrik dago lidergoan, atzetik Igor Aranbarri azpeitiarra eta Bruno Belar eibartarra dituelarik 5 punturekin.
Errenteriako Fomento Culturalek antolatutako 16 urtez azpikoen txapelketan, Asier Etxagibel (Arrasate-San Andres Xake Elkartea) eta Edu Olabe (Eibarko Klub Deportiboa), liderrek euren partidak irabazi eta lidergoan darraite 4.5 punturekin, atzetik datozen 4 jokalariengandik puntu bakarrera. Hurrengo eta azken txanda, abenduaren 2an jokatuko da eta Etxagibelek Philipe Bayrakdar donostiarra izango du aurrean eta Olabek Oscar Diez irundarra.
Datorren igandean, azaroaren 25ean, 20 urtez azpikoan Gipuzkoako Lehenengo Xake Jaialdia jokatuko da Azkoitian, bertako udala, Gipuzkoako Xake Federakuntza eta Anaitasuna-Kakute Xake Taldeak antolaturik. Egun guztian zehar, Gipuzkoa osotik etorritako 60 bat jokalarik egunpasa bikaina izango dute gogokoen duten kirola, xakea, praktikatuz.
Mailakako Txapelketak larunbatetan jokatzen dira 16:00tatik aurrera eta Kadeteen txapelketa igandeetan 10:00tatik aurrera. Guztietan jokalari bakoitzak ordu eta erdi du partida jokatzeko eta egiten duen jokaldi bakoitzeko 30 segundo gehitzen zaizkio erlojuari automatikoki.
Txapelketa Nagusia
Antolatzailea: Billabonako Xake Joku Elkartea
Jokalekua: Kultur Etxea, Kale nagusia 58. Billabona
Donostiako Bigarren eta Hirugarren Mailako Txapelketak
Antolatzailea: Gros Xake Taldea
Jokalekua: Manteo Kiroldegia, Travesia Rodil s/n Donostia – San Sebastián
Azkoitiko Bigarren eta Hirugarren Mailako Txapelketak
Antolatzailea: Anaitasuna Kakute Xake Taldea
Jokalekua: Kultur Etxea, Kale Nagusia s/n. Azkoitia
16 urtez azpikoen Kadete Mailako Txapelketa
Antolatzailea: Fomento Cultural de Errenteria
Jokalekua: Fomento Cultural, Zubiaurre kalea, 8. Errenteria
Egilea: Mikel Larreategi
Tags: xake gipuzkoakotxapelketa ajedrez xakea euskalxakea txapelketa
Tokia: Beste batzuk ()
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu






