Honetaz hitz egiten da:
2008/11/17

Harritzeko emaitza asko izan dituzten hainbat txandaren ostean, 4. txanda aurreikusi bezala joan zen eta faboritoek lortu zituzten puntuak.

Lehenengo bi mahaietan, Iñigo Martin eta Edu Sanzek pieza zuriekin, aurreko txandetako maila erakutsi ez zuten Jon Arana eta Fernando Puga garaitu zituzten.

Atzetik datozenen artean, Luis Olaizola donostiarraren garaipena nabarmendu behar da, pieza beltzetik Javier Corral urnietarra garaitu ostean. Iñigo Argandoña egungo txapeldunak ere bere hirugarren garaipena lortu zuen Jon bere anaia garaitu ostean. Alcaide eta Olmok ere, Juez eta Urretabizkaiaren aurkako partidak irabazi egin zituzten.

Laugarren txandaren ostean, Martin (Gros) eta Sanz (Easo) daude lidergoan lau punturekin, eta euren atzetik 3 puntu dituzten 5 jokalari: Argandoña (Gros), Olaizola (Gros), Alcaide (Arlutz), Olmo (Eibar) eta Arana (Eibar). Atzeraxeago daude beste 7 jokalari, hauek 2.5 punturekin, eta euren artean Hector Sanchez azkoitiar gaztea, Gipuzkoako Kadete mailako txapelduna.

Bosgarren txandako partidei begiratuz, liderrek elkarren aurka jokatu beharreko partida da nabarmendu beharrekoa, Eduardo Sanzek, pieza zuriekin, aurrean izango du Iñigo Martin. Iazko txapeldun eta azpi-txapeldunak elkarren aurka jokatuko dute, Argandoñak pieza zuriekin Alcaideren aurka. Olaizola-Olmo eta Arana-Corral dira lehenengo mahaiak osatzen dituzten beste partidak.

Ez da, hala ere, Txapelketa Nagusia, orain jokatzen ari den bakarra. Berarekin batera, Bigarren eta Hirugarren mailako txapelketak daude jokoan Donostian eta Tolosan, eta Kadete mailako txapelketa Errenterian.

Donostiako Gros Xake Taldearen egoitzan jokatzen ari den Bigarren Mailako txapelketan, Joseba Izquierdo irundarrak ordurarteko liderra zen Aitor Goñi garaitu eta lidergoan daude biak 4 punturekin. Euren atzetik 5 jokalari daude 3.5 punturekin.

Donostiako Hirugarren mailako txapelketan, Iñaki Arcelus da lider bakarra 4.5 punturekin, Jon Azkue zarauztarra garaitu ostean. Bere atzetik 5 jokalari daude 4 punturekin.

Tolosako Hirugarren mailakoan, Miguel Hernandez da lider 3.5 punturekin txanda bakarraren faltan, bera atzetik 3 punturekin, Joxe Mujika, Jokin Mendia eta Aitor Alkorta daude.

Kadeteen txapelketan, Hector Sanchez eta Asier Pedrera lehenengo sailkatuen arteko partida jokatu zen joan zen igandean. Nahiz eta Asierrek partida bere alde izan, azkenean berdinketa sinatu zuten eta honek Hector Sanchez txapeldun eta Asier Pedrera azpitxapeldun izatea ekarri zuen. Hirugarren sailkatua Christian Sanchez izan zen eta lehenengo emakumea Oihana Etxenike.

Mailakako Txapelketak larunbatetan jokatzen dira 16:00tatik aurrera eta Kadeteen txapelketa igandeetan 10:00tatik aurrera. Guztietan jokalari bakoitzak ordu eta erdi du partida jokatzeko eta egiten duen jokaldi bakoitzeko 30 segundo gehitzen zaizkio erlojuari automatikoki.




2008/11/10

Joan den urriaren 18an hasi zen Gipuzkoako xake denboraldi ofiziala Gipuzkoako Bakarkako Txapelketak jokatzearekin. Urrian hasi eta abendura arte, 8 larunbatetan zehar, xakelariak Gipuzkoan zeharreko hiru herritan lehiatuko dira mailaz igo eta urtarrilean hasiko den taldekako txapelketarako prestatzeko.

Aurten Txapelketa Nagusia Donostian jokatzen da, Gros Xake Taldeakantolatuta. Guztira Gipuzkoa osoko 34 jokalari ari dira txapelketa jokatzen.

Lehenengo txandan egungo txapelduna garaitu ostean, Jon Arana eibartarrak asteburuan jokatu den 3. txandan 2007 urteko azpitxapelduna, Aitor Alcaide, garaitu zuen. Aranarekin batera, Iñigo Martín eta Eduardo Sanzek ere 3 puntuak lortu dituzte, azken hauek Iñigo Galarza eta Erik Juez garaitu ostean.

Lidergoan dagoen hirukotearen ostean, jokalari bi daude 2,5 punturekin, elkarren arteko partidan lortutako berdinketari esker. Javier Corralek ezin izan zuen bere zerrenda-buru izaera aurrera eraman eta Fernando Pugaren aurka berdinketa sinatu zuen; Puga bera ere txapelketako beste sorpresetako bat izaten ari da.

Iñigo Argandoña eta Luis Olaizola faboritoek ere irabaztea lortu zuten, Egoitz Irure eta Iñigo Jiménez garaitu ostean. Azkenik, Hector Sanchez gazteak Mikel Alvaradoren aurka lortutako garaipena nabarmendu behar da, azkoitiarrak Alvaradoren akats goiztiar bat aprobetxatu ostean.

Laugarren txandako partida interesgarrienak, ondokoak dira:

Iñigo Martín-Jon Arana
Eduardo Sanz-Fernando Puga
Javier Corral-Luis Olaizola
Jon Argandoña-Iñigo Argandoña

Ez da, hala ere, Txapelketa Nagusia, orain jokatzen ari den bakarra. Berarekin batera, Bigarren eta Hirugarren mailako txapelketak daude jokoan Donostian eta Tolosan, eta Kadete mailako txapelketa Errenterian.

Donostiako Gros Xake Taldearen egoitzan jokatzen ari den Bigarren Mailako txapelketan, Aitor Goñi errenteriarra dago lidergoan lehenengo lau partidak irabazi ondoren. Bere atzetik, 3 punturekin Jokin Fernandez (Beasaingo Alfil), Mikel Lanas (Donostiako Fortuna) eta Joseba Izquierdo (Donostiako Gros Xake Taldea) daude sailkapenean.

Donostiako Hirugarren Mailako txapelketan, Jon Azkue zarauztarra da txapelketaren liderra jokatutako 4 partidak irabazi ostean. Bere atzetik, 3.5 punturekin Silvestre Moreiro (Donostiako Fortuna) eta Iñaki Arcelus (Donostiako Añorga) daude sailkapenean.

Tolosako Hirugarren Mailakoan, Miguel Hernandez (Billabona) dago lidergoan jokatutako 3 partidak irabazi ostean, eta bere atzetik 2 puntu dituen seikote bat dator.

Mailakako txapelketez gain, igandero, Errenteriako Fomento-Cultural taldearen lokaletan, Gipuzkoako Kadete edo 16 urtez azpikoen txapelketa dago jokoan. Azkenengo txandaren faltan, Hector Sanchez azkoitiarra da txapelketaren liderra jokatutako 4 partidak irabazi ostean. Bere atzetik daude sailkapenean Asier Pedrera (Errenteriako Fomento) 3.5 punturekin eta Christian Sanchez (Donostiako Gros Xake Taldea) eta Oihana Etxenike 3 punturekin.

Mailakako Txapelketak larunbatetan jokatzen dira 16:00tatik aurrera eta Kadeteen txapelketa igandeetan 10:00tatik aurrera. Guztietan jokalari bakoitzak ordu eta erdi du partida jokatzeko eta egiten duen jokaldi bakoitzeko 30 segundo gehitzen zaizkio erlojuari automatikoki.




2008/10/07

Ibizan egindako lasterketarekin amaitu zen distantzia luzeko triatloian Espainiako Kopa. Azken sailkapenetan, Mikel Elgezabal eta Inma Pereiro bigarren sailkatu dira.

Proba gogorra izan zen Ibizakoa: 4 kilometro igerian, 120 bizikletan, eta 30 korrika. Inma Pereiro bostgarren sailkatu zen lasterketan, eta ez zuen nahikoa izan Kopa irabazteko, bere aurretik sartu baitzen Nuria Padrisa, azken irabazlea. Mikel Elgezabalek ez zuen lasterketarik amaitu, behin bigarren postua eskura zuela ikusita eta probaren gogortasuna tarteko, utzi egin zuen. Denboraldi ederra osatu du bizkaitarrak: Euskadiko zirkuitoa irabazi, Espainiako Kopan bigarren, eta Europako txapelketan bostgarren.

Bost lasterketek osatu dute Espainiako Kopa: Arinaga (Kanaria Handia), Elche, Gasteiz, Zamora, eta Ibiza.

Argazkia: bbke.blogspot.com




2008/10/06

Barbara eta Lara Gonzalez ahizpak Benidorm-en (Espainia) izan zuten gimnasia erritmikoko Munduko Kopako proba. Bigarren postuan amaitu zuen taldeak bere jarduna, zilarrezko domina lortuz.

Era honetan esango diote agur beraien kirol ibilbideari, Beijingo olinpiar jokoetan parte hartu ondoren, jakina zen eliteko kirola utziko zutela.

Argazkia: www.futbolwins.com




2008/10/01

ASIER LEGARDA (Iruña).

Lau aurrelari eta hiru erdi punta probatu ditu Zigandak lehen bost jardunaldietan, baina golak egiteko zailtasun handia du Osasunak. Walter Pandianik ez du batere aukerarik izan, Zigandak ez du aintzat hartu.

Bost partidatan bi gol egin ditu Osasunak. Bata penaltiz egin zuen Nekounamek lehen jardunaldian Vila-realen aurkako 1-1ekoan, eta bigarren gola Portillok lortu zuen bigarren jardunaldian Mallorcan (1-1). Harrezkero jokatu hiru partidetan golik ez du egin Jose Angel Zigandaren taldeak. Ez Valentziaren aurka 1-0 galdu lehian, eta ezta Deportivoren eta Numantziarekin aurkako berdinketetan ere. Aurkariek gol gutxi egiten dizkiote Iruñeko taldeari, atzealdean sendo agertu da Osasuna beti. Erasoan argitasun gehiago erakutsi ezean atzealdeko sendotasunak gutxi balio du, ordea. Plantilako jokalari erasokor gehienak probatu ditu Zigandak jada, baina iragan sasoian bezalaxe aurrelariek ez dute hamaikakoan finkatzerik lortzen.

Aurrelari petoen kasuan iragan sasoiko bide beretik hasi dira Kike Sola, Portillo, Dady eta Pandiani. Inork ez du lortzen bere jokoarekin entrenatzailearen zalantzak uxatzea. Kike Solak hasi zuen denboraldia hasierako hamaikakoaren gizonik aurreratuenaren tokian –iragan sasoian 3 gol egin zituen-. Lehen bi jardunaldietan hasieratik jokatu zuen Cascanteko aurrelari gazteak, baina golik ez zuen egin, eta harrezkero deialdietatik kanpo ere ikusi du bi aldiz bere burua. Hasieratik jokatu bi partidetan, gainera, aldatu egin zuen Zigandak. Lehen jardunaldian Masoudi tokia utzi eta Ezquerrok bere postua har zezan –ezker hegaletik aurrelariaren tokira pasa zen errioxarra-. Solaren lekukoa Portillok hartu zuen gero.

Bigarren jardunaldian ordezkoen aulkitik Solaren ordez zelairatu eta gol ona egin zuen Mallorcan. Iragan sasoian maila eskasa eman ostean (bi gol besterik ez zituen egin Portillok), denboraldi honetan bere golegile sena erakusteko aukera izango zuela zirudien. Baina Valentziaren aurka zein Deportivoren aurka hasieratik jokatu arren, gol a egiteko batere aukerarik ez zuen eragin aurrelari espainiarrak. Astebetean hirugarren partida jokatu ez zezan, Zigandak Dady –iazko golegile onena, 7 golekin- jarri zuen Portilloren ordez. Taldeak orain arte jokatu partidarik eskasena jokatu zuen Sorian eta gogotsu aritu bazen ere Dadyk ez zuen ia ezer egiteko aukerarik izan Los Pajaritos futbol zelaian.

Martxa honetan Walter Pandianirekin ere laister egingo du probaren bat Zigandak, baina momentuz ez du ezertarako aintzat hartu aurrelari uruguaitarra. Golegile sena duela argi dago, baina Osasunan ez du bere ohiko maila ematerik izan, eta klubak taldetik at beste aukeraren bat aurkitzera gonbidatu bazuen ere, Pandianik Iruñean jarraitzen du. Taldeko jokalarien artean fitxarik handienetakoa du, baina Pandiani ia ez dute aintzat hartu ere egiten.

Aurrelari peto bakarrarekin

Iragan sasoia kezkatuta amaitu zuten Osasunako aurrelari guztiek, eta sasoi hasiera honetan ere ez dira goleko bidea aurkitzeko gai izan. Jose Angel Zigandak aurrelari peto bakarrarekin jokatzea erabaki du, eta Dady, Portillo, Sola eta Pandiani postu bakarrerako lehian ari dira. Gizon hauen atzetik jokatu behar duen erdi puntarekin ere zalantza ugari du Zigandak, dena dela. Lehen jardunaldian Plasil txekiarra izan zen gorritxoen erdi punta. Iragan sasoia ere postu horretan jokatuz amaitu zuen, baina bitxia izan arren hegalean jokatu zuenetan soilik egin zuen gola: 4 gol guztira. Lehen bi jardunaldietan berea izan zen aurrelariaren atzetik jokatzeko ardura, baina txekiarraren ekarpenik onena ezker hegalera pasatakoan Mallorcan Portillori eman goleko pasea izan da.

Valentzian Hector Fontek hartu zuen Plasilen lekua, Ezquerroren lesioa tarteko ezker hegelean behar baizuen txekiarra Zigandak. Ordezkoen aulkitik irtendakoan pizgarri lanak ondo egiten baditu ere, Fontek ez zuen jokoa sortzeko aukera askorik izan Mestallan, dena dela. Masoud irandarra izan zen partida hartan postua irabazi zuen bakarra. Ordezkoen aulkitik irtendakoan gauza onak egin zituen Masoudek, eta Zigandak aurrelariaren atzetik jokatu beharreko erdilari lerroa behingoz argi zeukala zirudien: Juanfran eskuinetik, Masoud erdian eta Plasil ezkerretik. Ez Deportivoren aurka, eta ez Sorian gorritxoek ez zuten golik egin, ordea, eta batik bat Numantziaren aurka ekarpen eskasa egin zuten erasoko jokalariek gainera.

Masoud, Plasil eta Font ditu Zigandak erdi puntaren posturako momentuz. Ezquerrok ere jokatu dezake hor. Aurrerago ere joka dezake errioxarrak –Delportek bide onetik jarraituz gero ezker hegalean baino aukera gehiago izango du aurrealdean Ezquerrok-, Dady, Portillo, Sola eta Pandianiren lehiakide bilakatuz. Baina kontuak kontu, Zigandak erabakia hartu gabe jarraitzen du oraindik. “Aurrealdean txandakatzeak izatea normala da, talde gehienetan lehen bost jardunaldietan plantiletako ia aurrelari guztiek jada jokatu dutela apustu egingo nuke. Gainera, taldearen maila aintzat hartuta, dady ez zen gaizki aritu Sorian”, esan zuen Larraintzarkoak astelehenean. Eta bai, egia da, atzealdeak izaten dira normalean ukiezinak, eta aurrealdean mugimendu gehiago izaten da.

Dadyk igandean Soriako partidaren ostean esandakoa esanguratsua izan zen, nolanahi ere: “Ez da erraza jarraitasuna lortzea Osasunako aurrelariontzat. Guren artean lehia handia dago, eta golik egiten ez badugu postua beste taldekide batentzat izango dela badakigu. Arrisku handiko postua da Osasunan, eta ez dut hamaikakotik irten nahi. Ez dakit datorren astean jokatuko dudan ala ez, baina lana gogotik egingo dut aste honetan aukera berri bat izateko. Aurrelariok golak egin behar ditugu, eta nire lehen golarekin lehen garaipena lortzea nahiko nuke Racingen aurka”, esan zuen aurrelari portugaldarrak. Gehiegizko presioa dutela ere ondorioztatu daiteke hitzotatik.




2008/10/01

Larunbatean jarriko da abian belaontziz mundu guztiko itsasoak zeharkatzen dituen lehiaketa, Volvo Ocean Race. Iker Martinez eta Xabi Fernandez itsasgizon euskaldunak, Beijingen domina irabazi ondoren, Telefónica Blue ontzian ariko dira abentura handi honetan.

Hamargarren ekitaldia da aurtengoa, guztira 39.000 itsas miliako ibilbidea izango du, inoiz egin den luzeena. Lehen etapa, Alacant (Espainia) eta Cape Town (Hego Afrika) hiriak lotuko dituena da, ekainaren amaiera aldera bukatuko da, San Petesburgoko helmugan.




2008/10/01

Euskadiko ziklo kros egutegia igandean jarriko da abian. Urtarrilaren 25a bitartean hemeretzi lasterketek osatuko dute denboraldia. Hilabeterik oparoena azaroa izango da, zazpi lasterketekin.

Igorreko proba azpimarratu behar da, munduko koparako baliagarria izango baita. Itsasondokoak Espainiako koparako puntuak emango ditu.

Euskal espezialisten artean onentsuenak diren batzuk ez dituzte lehen lasterketak korrituko: David Seco eta Erlantz Uriarte Belgikan dira, Unai Yusi orain gutxi egin zioten ebakuntza lepauztaia hautsi ondoren.




2008/09/26

Distantzia luzeko munduko txapeldun den Julian Sanz txirrindulari bizkaitarra saiatuko da datorren azaroaren 1ean 24 ordutan eginiko kilometroen munduko errekorra hobetzen Valentzian.

Sanz saiatuko da munduko marka hausten Valentziako Luis Puig belodromoan zail izan baitu kanpoan egiteko lekurik aurkitu.

Munduko errekorra, egun, Orlando Borini italiarrak dauka 870 kilometroko markarekin, Ugao-Miraballeseko Udalak esan duenaren arabera.

 Sanz, distantzia luzeko egungo munduko txapelduna da "Tour Ultime'07"-ko azken ekitaldia irabazi ondoren. Iazko ekainean "Race across America" proban zortzigarren izan zen. Proba honek Estatu Batuak kostatik kostara gurutzatzen du. Bizkaitarrak 5.000 kilometroak 10 egunetan, 23 ordutan eta 37 minututan egin zituen.














Edukia igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:


Zure pasahitza ahaztu duzu? >>

Kirol gehiago
Atletismoa, tenisa, golfa, waterpoloa... esku-eskura duzu orain zure kiroletako mediabloga zeure albisteak bidaltzeko. Textua soilik, textua eta argazkia edota textua eta bideoa bidaltzeko aukera duzu. Anima zaitez!!
Kategoriak
EiTB-ren beste blog batzuk
Bilatu
Astean iruzkin gehien jaso dituztenak
Azken iruzkinak
TRIATLOIA: Elgezabal eta Pereiro bigarren - Asier - 2008-10-20 17:43:22
OSASUNA: Golaren bidea aurkitu ezinda - Markos - 2008-10-01 17:43:10
BORROKA LIBREA - Maider Unda, Espainiako txapeldun - Etiam - 2008-03-05 15:00:15
BORROKA LIBREA - Maider Unda, Espainiako txapeldun - Aupa Neska - 2008-02-28 19:01:30
Iker Ozkoidi, Pirenako lider - IRUÑA - 2008-01-26 16:37:11
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Esteka interesgarriak

Blog hau sindikatu