![]() |
Ainguratokiz aldatzea erabaki dugu eta iparralderantz abiatuko gara. Zerua Peaketik igaro eta lortutakoaz berriz gozatzeko aukera dugu, batez ere eguna benetan kaskarra delako eta lortutakoaren garrantziaz ohartzen garelako.
Aukera hori, galtzekotan azkenetan egongo ginateke orain. Zuzenean Dorian Bayrantz goaz. Haize gogorra dator hurrengo egunetarako eta seguruenik hemen geratuko gara. Leku polita da. Hiru helburu ditugu.
Lehena, 50. hamarkadako ingelesen aterpea bisitatzea. Badian dago. Bigarrena, pinguinoen taldetxoa filmatzea. Benetan dibertigarrria da euren jarrera aztertzea.
Hirugarrena, Jabet Peak deituriko mendira igotzea da. Gogora dezagun, Antartikan burutu daitekeen edozein jarduera arriskutsua, oso arriskutsua izan daitekeela. Denok gaude oso nekatuta eta Jabi izoztuta dago hainbat ordu filmatzen eman eta gero.
Guk Antartikan emango dugu 2007. urteko azken eguna eta hemetik urte berria zoriondu nahi dizuegu: ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!
Sentimendu kontrajarriekin atera ginen Cape Renard-etik. Izan ere, helburua lortuta Zerua Peaketik irtetzeko irrikitan ginen, eta aldi berean gure bihotzetan gordeko dugun harribitxi maitatuena atzean uzten genuen.
Hegoalderantz jo genuen izebergen bidearen zehar. Aho bete hortz zeharkatu dugu eremu lasai eta izoztu hau. Oraindik ere errealitatetik at bizi gara. 01:00etan fondeaderora heldu ginen. Goizeko ordubietan bukatu genituen belauntzia lotzeko lanak.
Afaldu barik lo-sakura sartu eta goizeko 11:00etan altxatu gara. Gozari ederra egin dugu, fruta mazedonia (banana, sagarra, laranja, pomelo, kiwi) jogurra, muesli, kafesnea... Hau gozamena, aurreko eguneko jipoia eta gero fruta ederto sartzen da eta.
Egun lasaia eta epela (3º) agertu da, ezin hobea dutxa hartzeko. 10 egun pasa dira dutxatu barik eta premia larrian gaude. Iker hasi da belauntziko popan atondu dugun dutxatokia. Banan banan denok pasa gara, egia esan ez da hain gogorra izan eta oso gustura gelditu gara.
Toki ederra da Hovegaard Island. Pinguinoak, kormoranak, skuak, fokak eta hegazti mota gehiago ingatzen dira. Atseden hartzeko babes lasaia eta ikusgarria.
Bihar eskiatzera ateratzeko asmoa dugu, baldin eta haizea baimena ematen badigu. Orain, indarberritzeko eta disfrutatzeko garaia heldu zaigu. Etorkizunerako asmoak dantzan ditugu geure baitan.
Abenduak 25, Antartika.
Eneko eta Iker Pou anaiek gailurra lortu dute. 25 orduko jardueraren ondoren behe kanpamenduan daude atsedena hartzen.
Neke-neke eginda heldu dira. Azken 48 ordutan 8 ordu bakarrik egin dute lo. Denok gaude oso ondo, baina oso nekaturik.
Abenduak 23, Antartika.
Gaur lehenengo saiakera egin dugu. Haizea baretu zen atzoko azken orduetan, 22:00etan hasi ginen motxilak prestatzen, eta te bero bat hartu ezkero 23ko goizaldeko ordu batean abiatu ginen.
Gezurra badirudi ere irudiak ordu hortakoak dira. Flashakin argazkiak egin ezkero nabaritzen zen argi gutxi zegoela, baina giza begietarakoa sekulako argitasuna zegoen. Martxan jarri bezain pronto elurra hasi zuen. Paretaraino jo genuen bidearen nondik norakoak aztertzeko. Bidea oso argia da, logikoa.
Lehenengo luzeek ez dute zailak, baina elur berriz eztali ziren eta ezin izan genuen aurrera jo. Oraintxe, arratsaldeko 19:00etan ateri du eta haize pittin bat dabil. Hau hona da pareta lehortuko da eta. Atseden txiki bat egingo dugu eta ordu gutxi barru berriro ekingo diogu.
Bihar Keri eta Greg hurbilduko dira behe kanpalekura. 5 orduko nabigazioa egin beharko dute. Janaria eta erregaia ekarriko digute.
Eguberri on danori lauron partetik!
Abenduak 22, Antartika.
Atzoko saiakera bertan behera utzi behar izan genuen. Iragarritako eguraldia ez zen behar bezain ona izan. Haize bortitza altxatu zen eta oinperaraino bakarrik heldu ginen.
Behe kanpalekutik oinpera glaziarra zeharkatu behar dugu. Izotz pitzaduraz josita dago eta aseguratuta joan behar dugu. Eneko pitzadura batean erori zen eta... eskerrak aseguraturik gindoazela! Sustua bakarrik izan zen.
Bidearen lerroa sumatu genuen eta behe kanpalekura itzuli ginen. Gauean Keryrekin hitze gin genuen, gaurko eguraldia zakarra izango dugula esan zigun eta orain pairatzen ari gara. Sekulako haize bortitza eta elurra.
Behintzat atzoko erabakiarekin asmatu genuen. Gaurko 21:00etarako haizea jaitsiko da eta dirudienez biharko eguna ona izango da. 24ko eguerdirako berriro txarra dakar.
Ondorioz, gaur 21:00etan ahalegin bat egingo dugu. Oso azkar joan beharko dugu. Eneko eta Iker joango dira bakarrik ahalik eta azkarren eskalatu ahal izateko.
Ni oinperaino joango naiz hasierako irudiak garabatzeko eta Gotzon beherago geldituko da kamara handiarekin. Hauek dira planak, gero, eguraldiak erabakiko du. Goraintziak denon partetik.
Kategoriak: Pou anaiak
Tags: pou anaiak antartida eitb
Iruzkinak irakurri (0) edota iruzkin berria egin
Bigarren eguna Antartikan, eta egia esan, oso baliagarria izan da, batez ere, pertsonalki. Gauean Greg eta Kery gehiago ezagutzeko aukera izan dugu, eta bide batez, euren bizitzaren historia. Northanger, etxea, garraioa eta abentura da eurentzat azken 20 urteetan.
Itsasontzi hau askotan egon da Antartikan, Groenlandiako izotzean hilabete ugari eman ditu eta ia mundu osoko itsasoak zeharkatu ditu. Zer gehiago eskatuko diogu gau honi!
Baina eguna oso goiz hasi da. Goizean Decepcion Uhartea utzi dugu Port Lockroyra abiatzeko asmoz. 10 orduko ibilaldia gelditzeko aukerarik gabe. Zaintza eta zaintza egin dugu, eta bitartean, gure ama zoriondu dugu. Gaur bere urtebetetzea da: Zorionak Antartikatik, ama!
Triste gaude gure amarekin ez gaudelako egun seinalatu honetan. Gure lagunekin hitz egiteko aukera ere izan dugu. Beraz, egun berezia izan da.
Port Lockroyko kanalaren sarrera izugarria izan da. 3.000 metroko igoera eta ur urdinak. Icebergen artean ibili gara behin eta berriz.
Baina ahalegina baliagarria izan da... Atzo fokekin ibili ginen eta gaur pinguinoekin. Port Lockroyen gure helburuetariko bat egon daiteke eta, horregatik, lasai itxaron dugu haizea lasaitu arte.
Agian, hemen edo Cape Renarren. 5 orduko ibilaldia da, baina itsasoa laster utziko dugu, hori seguru. Baina horretarako, haizea lasaitzea beharrezkoa da egoera honetan eskalatzea ezinezkoa izango delako. 10 gradu zero azpitik izan dugu. Beharbada, Gregek eta Keryk bihar bakarrik utziko gaituzte gure materialarekin paretaren bat eskalatzeko. Jabi eta Gotzon prest daude dena grabatzeko.
Beraz, hemendik aurrera, ahalegin handia egingo dugu gure abenturarekin jarraitzeko eta egunerokoa berriztatzeko. Baina, aldez aurretik abisatu behar dugu, hau Antartika dela eta ez dago ezer ziurtatuta. Gabon eta hurrengoa arte...
Iker eta Eneko PouKategoriak: Pou anaiak
Tags: pou anaiak eitb antartida
Iruzkinak irakurri (1) edota iruzkin berria egin
Abenduak 18, Antartika.
Asteleheneko arrastia hunkigarria izan zen: Antartikako lurra zapaldu genuen! Txalupa atera genuen Northangerretik eta kostaldera joan ginen. Ezin sinestu. Hantxe foka taldetxo bat zegoen, baina ez ziren gure presentziarekin ikaratu. Argazkiak atera genizkien baita bideoa ere, baina ez ziren mugitu.
Paseo bat eman genuen Etsipen Uhartetik eta ikaragarria, natura zen nagusi, ez zegoen inor. Gaur egun, zaila da hori munduko beste toki batean aurkitzea. Bakardadea eta bakardadea, azaltzeko zaila den sentimendua.
Paseoaren ondoren, dutxa hartzeko unea. Irrikitan geunden. Gero, Keryk prestatutako luxuzko afaria: entsalada grekoa eta pasta. Xanpaiarekin ospatu genuen Antartikan igarotako aurreneko eguna.
Laugarren eguna Draken. Belaontzia mugitu eta mugitu egiten da, gaur iluntzean Schitmid irlak ikusten hasi behar gara, horrek esan nahi du lurra tinkoa gertu dugula!!
Teknikoki esan behar da Antartikako itsasoan gaudela, baina lurra ikusteko irrikitan gaude.
Jabi hobeto dago, eta horrek taldea asko poztu du. Eguerdian amarekin hitz egin dugu, orain arte egin gabe genuena.... ilusio handia egin digu! Asteazkenean urteak egiten ditu... ea ahazten ez zaigun...
Zorte pittin batekin bihar lurra ikusiko dugu, baleak, pinguinoak.... etabarrekin.
Agur eta gabon.
Iker Pou
Kategoriak: Pou anaiak
Tags: pou
Iruzkinak irakurri (0) edota iruzkin berria egin
Egun zoragarria atera da. Itsasoa lasai dago eta hurrengo egunetarako iragarpena ona da. Aldaketa; azkenean Antartikara abiatuko gara zuzenean. 11:30ean Hornos Lurmuturra gaindituko dugu. Eguneko onena, ikusi ahal izan ditugun izurdeak.
2007-12-14
Hasi dira zaintzak Greg eta Keryrekin. Garrantzitsua da beste ontziekin edo icebergekin tupust ez egitea. Amaitu dira orain arte ontzian egin ditugun ariketa fisikoak. Nahikoa dugu botaka ez hastearekin. Jabi lur jota dago.
Belaontzia asko mugitzen da eta askotan amaiera ez duela ematen du. Hornos Lurmuturra gainditu dugu dagoeneko eta orain itsasoan barrena gaude. Ontzi txikia gara hegoaldeko itsasoetan.
Egoera desatsegina da askotan, ontzia olatuen artean desagertu egiten delako. Gotzon eta bion esfortzu handiarekin lerro hauek bidaliko ditugu, ea teknologia lagun izaten dugun.
Olatuak 5 eta 7 metro artekoak dira, abiadura 6'4 korapilokoa da eta erritmo horri eustekotan 45 ordu barru Antartikara heltzea espero dugu.
Txileko Port Williamsera egindako itsasaldia atsegina izan da, baina orain Hornoseko lurmuturra gainditu beharko dugu. Lau bat egun beharko ditugu oraindik Antartikara iristeko.
Northanger belaontziak Beagle kanalean zehar haize bolada indartsuekin igaro du. Oso hurbil gaude. Halere, kontuz ibili beharko gara haize boladak direla eta. Lennox irla inguratu beharko dugu; gero itsaso zabalera irten eta Nassan itsasartetik Wollaston irletara heldu. Hornos deritzon irla dago bertan, horrek jarri zion izena lurmuturrari.
Hemendik lau egunetara Antartikara heltzea espero dugu, han Renart Towersen kanpamendu nagusia jarri eta ondoren igo beharreko pareta bilatu.
Eneko Pou

Inprimatu






