Honetaz hitz egiten da:
2008/05/15

Antonio Aristik asteburuan egingo du debuta Seat Leon Eurocup lehiaketan. Valentziako Cheste zirkuituan korrituko da lehen lasterketa. Larunbat goizean egingo da entrenamendu saio ofizial bakarra. Arratsaldean lehen lasterketa korrituko da, eta igandean bigarrena. 

Egutegi erakargarria dauka lehiaketa honek, Europako hainbat zirkuitutan: Cheste (Espainia), Magny Cours (Frantzia), Estoril (Portugal), Oschersleben (Alemania), Brands Hatch (Britainia Handia), Monza (Italia). Gainera, lasterketa bat irabazten duen bakoitzari, Seat etxeak munduko turismo txapelketako lasterketa batean parte hartzeko aukera emango dio.




2008/05/14

Munduko motoziklismo txapelketak Frantzian izango du hurrengo hitzordua, igandean Le Mans zirkuito mitikoan.

Efren Vazquezen ustez “ibilbide berezia dauka, zonalde makalak eta azkarrak uztartzen dituena. Aurreko egunetan egiten dugun lanak garrantzia itzela izango du”. 

Pilotu bizkaitarra hamabosgarren postuan dago Munduko Txapelketan. 14 puntu bildu ditu orotara, eta lau lasterketatatik hirutan lortu du punturen bat.




2008/04/30

Euskadiko txapelketari dagokion lehen rallya korrituko da larunbatean Mungian, bertako Mungia Racing Elkarteak antolatuta. 

Zortzi erlojupeko izango dituzte parte hartzaileek, antolaturiko lau ibilbideak bi aldiz egin beharko dituzte. Goizeko 9:40ean hasiko da eta arratsaldeko 18:00ak arte iraungo du. Izena eman dutenak euskal gidaririk aipagarrienetakoak dira: Santi Artetxe, Xabier Lujua, Gorka Apalantza, Joseba Zapirain, Joxe Labaka, Iñigo Alustiza, Txus Jaio, etab.

Maiatzaren 24an RAC Navarra korrituko da, uztailaren 12an Menakoa, urriaren 18an Gernikakoa eta azaroaren 22an Dimakoa.




2008/04/29

Gorka Apalantzak erakustaldia eman zuen I. Ñañarri rallysprintean. Hiru erlojupekoetan bera nagusitu zen, denborarik onena 5’27”4 izan zelarik. Hamar kilometroko ibilbidea zuten, orotara 31 kilometrotik gora erlojuaren aurka, Alegian abiatu, Orendain eta Abaltzisketa zeharkatu, eta Amezketan amaituz. 

Errezildarraren atzetik Joseba Zapirain sailkatu zen bigarren, bere Peugeot 206 WRC berriarekin. Hirugarren Santi Artetxe helmugaratu zen. Podiumaren borrokan ibili zen Xabier Lujua ere, baina azken erlojupekoan, epaileek kanporatu egin zuten. 

Sailkapen nagusian Artetxek jarraitzen du lider, 125 punturekin. Apalantzak 108 ditu, eta Zapirainek 88. Rallysprint denboraldiko hurrengo proba maiatzaren 31an izango da, Azkoitian. 

ÑAÑARRI SAILKAPENA

1 Gorka Apalantza Aitzol Apalantza Subaru Impreza WRC 16:28,9

2 Joseba Zapirain Borja Aguado Peugeot 206 WRC +00:52,1

3 Santi Artetxe Sandra Fernandez Peugeot 307 WRC +01:13,3

4 Iñigo Alustiza Julio Muriedas BMW M3 + 01:21,9

5 Joxe Labaka Aitor Otaegui Mitsubishi EVO V + 01:23,1




2008/04/17

Asteburuan hasiko da Ricardo Tormo zirkuitoan Espainiako Motoziklismoko Abiadura Txapelketa.

125 zentimetro kubikoetan bi euskaldun egongo dira: Efren Vazquez eta Eneko Esteban. Bi errealitate ezberdin isladatzen dituzte pilotuek: Vazquez munduko txapelketan dabil, eta iaz hirugarren sailkatu zen Espainiako txapelketa honetan.

Eneko Esteban, aldiz, debutaria da. Efren Vazquez munduko txapelketan aritzen den talde berarekin ariko da, Blusens BQR talde katalanarekin.

Esteban, Reinhold Zweitakt Tuning talde alemaniarrean jardungo da.




2008/04/07

Denboraldiko laugarren rallysprinta jokatu zen larunbatean Karrantzan. Gorka Apalantzak lortu zuen garaipena, Azpeitian Ikasberria irabazi ondoren, bere bigarrena. 

Errezildarrak hiru erlojupekoetan lortu zuen denborarik onena. Bere atzetik, bigarren 16 segundora Santi Artetxe sailkatu zen, eta hirugarren 30era Xabier Lujua.




2008/04/03

Rallysprint honen seigarren ekitaldia burutuko da larunbatean, 16:00tan hasita. 11,700 kilometroko ibilbidea dauka lasterketak, beraz, hiru erlojupekorekin, orotara 35 kilometrotik gora egingo dituzte.  

Izena emandakoen artean daude Euskadiko rallysprint txapelketako lehen sailkatuak: Artetxe, Lujua, Zapirain, Apalantza. Hauekin batera Mantecon, Alberdi, Arrabal, Alustiza, Uzkudun, etabar. ariko dira. 




2008/03/24
Bi mila formulako West European Cup txapelketako lehen bi lasterketak burutu ziren igandean eta astelehenean Nogaroko zirkuitoan, Frantzian.

Epsilon Euskadi taldeko, Roberto Merhi valentziarrak egindako lana azpimarratu behar da, hirugarren eta bigarren sailkatu baitzen.

Igandean, Merhi hirugarren sailkatzeaz gain, Miguel Otegi asteasuarrak egindako lasterketa ere aipatu behar da, bere debuteko urteko lehen proban, zazpigarren amaitu baitzuen.

Astelehenean, Roberto Merhi, bigarren sailkatu zen, bere taldekide Campollo amerikarra laugarren, eta Costa, hau ere Epsilonekoa, seigarren. Otegik ez du lasterketarik amaitu. Irteera ederra egin ondoren, bost postu aurreratuz, bigarren bihurgunean pistatik kanpora bota zuten.



2008/03/12
Datorren larunbatean burutuko da denboraldiko bigarren rallysprinta, Ikasberrin egiten den bederatzigarren ekitaldia izango da. 

 Azpeitian hasi, Errezil igaro, eta Bidegoianen amaituko da. 64 dira izena eman duten gidariak. Tartean dira sailkapeneko aurrekaldean ibiltzeko faborito direnak: Santi Artetxe, Gorka Apalantza, Ramon Apalantza, Xabier Lujua, Joseba Zapirain, Joxe Labaka, etab. 

Hauekin batera ikuskizuna ziurtatzen duten Txus Jaio eta Iñaki Alberdi ere badaude. Lasterketa arratsaldeko 15:00 tan hasiko da. 



2008/03/11
Bat Formulako denboraldia hasiko da datorren asteburuan Australian. Renault taldearen errendimendua da zalantza nagusia txapelketaren hasierarako. Alonso prestatzaile ona eta pilotu ezin hobea dela argi dago eta ondorioz Renault goikaldean egon daiteke.  

Kimi Raikonen iazko txapelduna eta faboritoa da baina motorrak apurtzen ederki daki. 

Lewis Hamiltonek kotxea nola prestatuko duen ere ikusi beharko da Alonso ondoan ez duelarik. Hau guztia, asteburu honetan hasiko da argitzen. 







Edukia igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:



Motorra
Bat Formula, motoziklismoa, automobilismoa, esku-eskura duzu orain motorraren mediabloga zeure albisteak bidaltzeko. Textua soilik, textua eta argazkia edota textua eta bideoa bidaltzeko aukera duzu. Anima zaitez!!
Kategoriak
EiTB-ren beste blog batzuk
Esteka interesgarriak
Bilatu
Azken iruzkinak
Bat Formulako denboraldia hasiko da asteburuan. - Arrasate - 2008-03-11 12:50:59
Artxiboak
Astean iruzkin gehien jaso dituztenak
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu