![]() |
Euskal diasporaren inguruko hitzaldia eman zuen Olatz Elejabarrieta lemoaztarrak Zornotzako Karmengo Ama ikastetxean.
Arratiar gaztea Argentinan izan zen iaz eta beraz, euskal kultura eta Hego Amerikako herrialdearen artean dauden harremanak lehenengo pertsonan kontatzeko aukera izan zuen.
Hitzaldiari hasiera emateko euskaldun askok beren herria utzi eta atzerrira alde egin behar izan zutela azaldu zuen lemoaztarrak. “Nahiz eta atzerrian egon euskaldun sentitzen dira, baita ondorengo belaunaldiak ere” nabarmendu zuen eta munduko edozein lurraldetan egonda ere euskal kultura bertan bizi eta zabaltzen dutela gehitu zuen.
Horretaz aparte, euskal diaspora Euskal Herriko zortzigarren probintzia bezala kontsideratzen dela aipatu zuen. Euskal kultura sentitu eta bizi duten munduko toki horietan hainbat euskal etxe daude, hau da, euskal diasporako euskaldunak biltzeko zentroak. Hauetako gehienen helburuak kulturalak direla azaldu zuen Olatz Elejabarrietak. 162 euskal etxe daude mundu osoan zehar eta hauetako 76 Argentinan daude, beraz, azken hau da gure kulturaren bilgune gehien dituen herrialdea.
Euskaldunak Argentinara emigratzeko arrazoi nagusiak hiru izan zirela azaldu zuen lemoaztarrak. Garai haietan, herentzia seme batentzako zenean besteek beraien kabuz egin behar zioten aurre bizitzari. Horregatik eta arrantzale onak zirelako Amerikako konkistan parte hartu zuten askok.
Bigarren arrazoia hemen bizi zen krisialdi ekonomiakoa eta Argentinako artzain falta izan zirela aipatu zuen. Azkenik, “gerra zibila eta demokrazia garaian batzuk ziurtasun gabeziagatik edo pertsekuzioengatik joan ziren bertara” adierazi zuen. Lemoaztarrak azaldu bezala, 1857 eta 1940.urteen artean bi milioi pertsona izan ziren penintsulatik Argentinara joan zirenak eta hauetako gehienak Galizia eta Euskal Herrikoak ziren, “Argentinako biztanleen %8k arbaso euskaldunak ditu eta 15.000 euskal abizen inguru daude bertan”.
Horretaz aparte, Argentinako toki askok ere euskal izena dutela aipatu zuen, hauen artean Ezeiza aeroportua eta Necoechea hiria. Azken hau, Argentina kostaldean dagoen herri bat da, Buenos Airesetik 500 km-ra dagoena. Bertan `Euzko etxea´ izeneko euskal etxe bat dagoela azaldu zuen eta bide batez, berak bizitako esperientziaren argazkiak erakutsi zituen. Euskal diasporara hurbiltzeko asmoarekin jarraituz, Euzko etxean urtero-urtero hainbat ekintza antolatzen direla jakinarazi nahi izan zuen Olatz Elejabarrietak. Hauetako batzuen adibidea eman zuen: San Sebastian aia, Korrika, San Juan sua, San Inazio jaia, hitzaldiak…
Hauetaz aparte, badago `Hator Ona´ izeneko proiektu bat eta hauxe da euskaldunak eta argentinarrak harremanetan jartzen dituen aukera. “Egitasmo honen helburu nagusiena euskal kultura zabaltzea da” azaldu zuen lemoaztarrak.
Hitzaldiari amaiera emanez, euskal etxe honetako partaide den Aseleneren bideo bat jarri zuen. Aseleneren esanetan, “euskal zentroa familia handi bat da guretzat eta txarrena da oso zaila dela bertan euskara ikastea. Horregatik, ez galdu zuek euskara ikasteko duzuen aukera paregabea”.
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





