![]() |
Publizitate kanpainak ikusi eta komunikazio estrategiak ezagutu dituzte Leioako Campusera gerturatutakoek “La fabrica de la felicidad” gabonetako iragarkiaren inguruan hitz egin zuen Sylvia Lezama hizlariak. McCann-erikson Worldgroup-ekoek egindako spotaren inguruko xehetasunak eman zituen; gehienbat, marketing estrategiak azalduz.
Publizitatearen inguruan jakin-mina zuten hainbat ikasle bertaratu ziren Leioako Campuseko Aula Magnan arratsaldeko 17:15etan hasi zen hitzaldira. Martxoaren 10ean hasi zen Emedia Comunicación taldeak antolatutako XVI.Publizitate Jardunaldia, Publizitatearen Alfonbra gorria izenekoa.
Hiru egunez, hamabi profesionalek beren azken lanak aurkeztu eta esperientziaren berri eman zuten, beraz, iragarki kanpainak ikusi eta komunikazio estrategiak ezagutzeko parada izan zuten bertaratu zirenek. Atzo Coca Cola multinazionalak gabonetarako egin zuen iragarkiarekin eman zitzaion amaiera hitzaldi-multzo honi. Sylvia Lezamak adierazi zuenez, Coca Colaren kanpaina hau, “asmo handiko proiektu bat” izan zen.Iragarki hau, hiru minutu irauten duen filme baten planteamendua jarraituaz egin zenez, erronka handia izan zen McCann Worldgroup publizitate enpresarentzat. Gabonetako iragarkiek duten garrantziaz jabeturik, ikuslego gazteenarengana iritsiko zen iragarkia egin zuten, animazio iragarki bat hain zuzen ere.
Zinemetan ematen dituzten beste filmeekin egiten duten gisara, iragarki hau ere hiru fasetan banatu zuten: trailerra, iragarkiaren aurkezpena eta kanpainaren luzapena. Marketing kanpaina erraldoi bati hasiera emanez. Honela, ikusmin handia lortu zuten. Iragarkia jendearengana zabaltzeko gehienbat telebistaz baliatu ziren, baina kaleetan eta interneten egindako kanpainek ere garrantzia handia izan zuten.
Estreinaldiaren unean, esate baterako, Coca Colaren iragarkia bakarrik eman zuten telebista kate nazional garrantzitsuenetan, ordu eta une berean gainera. Honela, ikusleek hau ikusteko aukera bakarrik izan zuten. Iragarkia ikusteko: http://www.fabricadelafelicidad.com.pe/
Egilea: Eneritz Iraola Odriozola
Tags: ehuko xvi publizitate jardunaldiak
Tokia: Leioa
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu






