![]() |
Neska mutil asko zeuden Sarrikoko EHUren canpus barruan arratseko zazpi t’erdietan aula magnako ateak noiz irekiko zain. Bihotz Bakartien Klubeko partaideak ere prest zeuden Katamalo proiektua taularatzeko. Ateak ireki bezain laster, aretoko aulki guztiak ikaslez bete ziren; asko Gorka Urbizu abeslariak abesten zuelako soilik gerturatu ziren, beste batzuk,ordea, Katamalo proiektuko olerki eta kantuez gozatzeko.
Argiak itzali eta taldeko 7 partaideekin batera metronomo bat zegoen, aurkezpeneko doinuari ukitu berezi bat emanez, sarritan musikarien etsaia den tresna lagun bihurtuz. “Katamaloak astiro hurreratu dira” hasi zen Gotzon Barandiaran olerkariaren ahotsa. Momentu hartatik aurrera, ikusleak mundu goxo eta intimo batean barneratu ziren, kantuz kantu gero eta gehiago gozatuz.
Jarraian etorri ziren “Ostondu sakon poza” bezalako kantuak eta baita Alex Arregik ahotsa jartzen dion “Zerbait garrantzitsua” kantua ere. Ikusleak adi-adi eta lasai zeuden, kantu ezagunenak jotzen hasi ziren arte. “Etzi datorren egunaren ostean etorriko naiz esan zenidan” dio “Gurarika” kantuaren estribiloak eta momentu hartatik aurrera ikusleen ahots lotsatiak entzun ziren etengabe.
Kantuen tartean, Gotzon Barandiaranek bere eserlekuko lanparatxo gorria piztuz olerkiak errezitatu zituen: Sarrionaindiak idatzitako “Ariane”, Endurance izeneko emakume baten heriotzaren ingurukoa beste bat, presoei buruzkoa… betiere, bere ahots goxoaz ikuslea maiteminduz. Aintzina Lekue bere bibolinarekin kantu baten sarrera jotzen hasi zenean bizitu zen momenturik bereziena.
Ikuslegoa bere eserlekutik emozioz betetzen hasi zen, ongi baitzekien “Iruntzi dana” kantua zetorrela, taldearen lehen singlea. Hain arrakastatsua izan den kantuaren unean ezin jendea kantatu gabe egon, eta Gorka Urbizuren ahotsaren azpitik neska ahots koroak entzun ziren. Honela agur esan zuten, nahiz eta denek espero beste bat oihukatu ondorengo kantu parea.
Eta halaxe izan zen. Gotzon agertu eta olerki bat irakurri ondoren, Gorka eta Itxaso Etxebeste baxujolea taularatu ziren Berri Txarrak taldeak 18/98ren aldeko CDrako konposatu zuen “Min hau” kantuaren bertsio akustikoa jotzera. Hau ere emozioz beteriko unea izan zen.
Azkenik, taldekide guztiak igo ziren, Gotzon, Gorka, Alex, Itxaso, Aintzina, Gorka Mugarza akordeoijolea eta Nerea Urbizu teklatu, ahots eta kaxa-jolea, eta Maialen Lujanbio bertsolariak idatziriko kopla batzuekin eginiko mexikar doinua zuen kantua kantatu zuten; aurreko kantu guztiek sorturiko egoera lasai eta ametsezko horretatik esnatzeko ezinhobea, erritmoz betea, dantzagarria… kontzertua bukatzeko kantu aparta.
Bukatzeko, metronomoaren laguntzaz,berirro ere, Gotzonek amaierako testua irakurri zuen, bertan argi utziz, beraiek ezagutu nahiz izanez gero, zein diren jakin nahi izanez gero, ez ditugula jainko, izar.. bezala ikusi behar; gu bezalako pertsonak bezala ikusi behar ditugula, soilik orduan jakingo baitugu zein diren. Katamalo proiektu oso interesgarria da, ez galdu euren olerki eta kantuez gozatzeko aukera!
Egilea: Lide Agirrezabala Gońi
Tags: katamalo bihotz bakartien kluba bilbo sarriko
Tokia: Bilbao
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu






