![]() |
Gatikako inguruak jendez gainezka egon ziren pasadan larunbatean, herriko jaiak zirela eta. Arratsaldeko 21:00ak inguruan, gehienezko pisua gainditzeko zorian zegoen autobusak bidaiariak beren helmugara eraman zituen: Gatikara, musika, dantza eta parrandaren zurrunbilora.
Frontoi barruko eszenatokia prest Esne Beltza, Sagarroi eta Beste Bat musika taldeen emanaldietarako. Txosnak, beteta, gazte ase-ezinak asetzeko abenturari heltzeko irrikitan. Kontzertuak 23:30ak inguruan hasi ziren, espero baino ordu erdi beranduago. Hala ere, jaia aspaldi zegoen hasita, frontoi kanpoko txosnen musikak giroa berotzearekin batera.
Esne Beltza izan zen jotzen lehena, ska-reggae musika estiloari jarraituz, Etzakit taldean egondako Xabi Solanoren eskutik, besteak beste. Ondoren, Sagarroiren txanda heldu zen. Taldea 2001ean sortu zen, Iñigo Muguruzaren gidaritzapean. Ordutik lau disko plazaratu dituzte, azkena, “Baleike”, 2006an irten zelarik. Urte hartan antzerkigintzan ibilitako Miren Gaztañaga sartu zen taldean, eta gaur egun bigarren ahotsa jarri eta dantzan jendea animatuz ibiltzen da.
Gatikan, hain zuzen ere, harrigarria zen eszenatoki erdian, kantariaren ordez, dantzaria ikustea. Argi dago Sagarroik ondo pasatzera eta gorputza mugitzera bultzatu nahi zituela bertara hurbildutakoak. Eta, zer esanik ez, erraz lortu zuten helburua. Gauak aurrera egin zuen eta, azkenik, Beste Bat erromeriaren txanda heldu zen.
Aipatzekoa da kontzertutik kontzertura oso denbora gutxiko tartea egon zela, eta minutu hauetan ere txosnetako musikarik ez zela faltatu. Azken talde honek lortu zuen ondoen entzuleak saltoka eta bueltaka mantentzea, euskal dantza eta kantu ezagunekin, noski. “Xalbadorren Heriotzean” kantatzerakoan, adibidez, ezin izan zuten gazte baten animoa gutxitu mikrofonora hurbildu eta kantuan hasi zenean.
Bi ordu inguruko erromeria 05:30ak inguruan bukatu zenean, txosnen txanda heldu zen Eguzkia azaldu eta parrandazaleak gutxinaka-gutxinaka beren etxeetara joan arte. San Markosek urtero Gatikara jende kopuru handiak erakarri arren, herri txiki honetarainoko garraioa ez da jaietako gaueko beharrizanei eusteko modukoa. Hori dela eta, nabaria izan zen etengabeko taxien mugimendua. Gazte batzuek gaua hasi aurretik taxia eskatua zuten ordu zehatz batetarako.
Besteek, gurasoen autoa izan zuten etxera bueltako garraio. Gaueko hirurak, laurak inguruan seme-alabak eta lagunak jasotzera hurbildutako gurasoen kopuruak beste edozein herritako jaietan ikusi gabekoak ziren. Beste gazte batzuek oheraino oinez joatea erabaki zuten. Asko izan ziren Gorlizeraino edo Sopelaraino pasieran joandakoak, nahiz eta gutxi batzuk bidetik autoren batek jaso zituen.
Datorren asteburuan ere, jai giroak jarraituko du Ipar Uribeko herri honetan. Hala ere, egunak kenduko dio gauari lekua. Ostiralean, besteak beste, Pirritx eta Porrotx pailazoek herriko umeekin jolas egingo dute frontoian. Aipatu behar da ekitaldi honetarako sarrerak aspaldi agortu zirela, beraz ez dira gutxi izango pailazoekin une atsegin bat izango duten umeak.
Egilea: arrate illaro etxebarria
Tags:
Tokia: Gatika
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





