![]() |
Bertso mundua gazte jendeari hurbiltzeko asmoz “ Barrenak astinduz” saio berritzailea antolatu zuen aurreko larunbatean Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Kultur-Exean. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasi eta 21:30ak aldera amaitu zen.
Manuel-Lekuona Kultur Etxeko gune ezberdinetan musika, poesia, antzerkia, batukada eta dantza izan ziren ikusgai. Amaia Dorronsoro pianojoleak, Maider Oiartzabal dantzariak, Kontxu Yarza eta Estitxu Garmendia antzerki irakasleak eta Xabi Beldarrain batuka irakasleak bertsolari bikainak izan zituzten lagun.
Betan izan ziren Andoni Egaña, Zigor Iriondo, Xabi Paya, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Patxi Etxeberria. Kultur-Etxeko gune bakoitzean izan zen zerekin disfrutatzeko aukera, “LasAIRte” aire konpainiak proposatutako bidai magikoan. Herri-konpainia honetako komandanteak eta azafatak oso ondo aritu ziren euren paperean, oso gidari onak eta esperientzia handikoak zirela erakutsiz.
Saioari hasiera emateko, bertsolariak Kultur-Etxeko balkoira atera ziren. Bota zituzten bertsoak eta eszenatokia saio berritzaile baten aurrekari izan ziren. Bertaratutako ikusleen aurpegiak txundidura islatzen zuten, inoiz ez baita horrelakorik ikusi herrian. Lehendabiziko saio honetan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jende dexente hurbildu zen aterkiekin Kultur-Etxeko atariaren parera.
Hurrengo geldialdia hitzaldi aretoa izan zen. Geldialdi honek aspaldiko une ederretaz gogoratzeko aukera eskaini zuen. Bertan Patxi Etxeberria duela hogei eta bost urte bertsotan ikusteko parada izan zen, bideo-emanaldi baten bidez. Bideoaren ondoren, Patxi Etxeberria eta Ane Labakak eskainitako bertso politak entzun ahal izan ziren.
Argi dago gazteek ezin izan zutela momentu hauek gogoratu, baina nagusien aurpegiak ikusi besterik ez zegoen Patxi Etxeberriaren bertsoez gogoratzen zirela jakiteko. Bertsoen gaiak aspaldikoa izanda ere, gaurkotasuna ez zen batere galdu. Besteak beste, antxoaren prezioa eta bihotza eta buruaren arteko borrokaz aritu ziren bertsotan.
Hitzaldi-aretoko saioaren ondoren, erakustokian gelditu zen jendea. Bereziki hunkigarria izan zen geldiune hau. Piano doinu goxo batek eta misterio-kutsua ematen zuen fokuek lagundurik, Aitor Tejedorrek Lizardiren eta Bertold Brechten poesia bana errezitatu zituen. Bikain aritu zen bai Aitor Tejedor, baita Amaia Dorronsoro pianojolea ere.
Ez zen atzean geratu Andoni Egaña poesien gaiei lotuta bota zituen bertsoekin. Honen ostean, komandante eta azafatek kafetegira gidatu zuten jendea. Bertan zalaparta galanta atera zuten batukada taldekoek. Ondoren, Zigor Iriondo eta Maddalen Arzallus bertsolariak primeran aritu ziren norgehiagokan. Bidaiaren bosgarren geltokia Kultur-Etxeko harrera gela izan zen.
Han Xabi Paiak, segidillaren doinua erabiliz, barre algara dexente sorrarazi zituen. Bidaiaren amaiera antzoki nagusian izan zen. Tripulazio atseginak agurra eman zuen eta hurrengo bidaira gonbidatu zuten jendea. Ibilaldiaren ostean, emanaldi polita ikustekoa aukera izan zen antzoki nagusian. Besteak beste txalaparta eta Erketz Dantza taldeak eta Landaberri ikastolako dantza garaikideko partaideek prestatutako ikuskizuna.
Azken honekin bereziki ikusleak txundituta geratu ziren euren buruen gainetik sokak elkarlotuta ikusi zituztenean. Bejondeiela bi talde hauei ikuskizun eder honen prestaketan egindako lanagatik. Ondoren, Landaberri antzerki eskolako helduen taldeak bizilagunen arteko bilera parodiatu zuen. Antzezleek barre algara ugari sorrarazi zituzten ikusleengan bizilagun xelebreen arteko pasadizoekin.
Antzerkiaren ostean, bertsolariak oholtzara igo ziren publikoaren txalo artean eta ohiko saioari hasiera eman zioten. Gai-jartzaile lanak Unai Muñoak egin zituen. Bereziki dibertigarria izan zen Andoni Egaña eta Xabi Payaren arteko norgehiagoka batak besteari zerbait esateko zutela hasi zirenean. Beste saio polita Patxik eta Maddalenen artekoa izan zen.
Maddalenek urteak zeramatzan aitonaren bila eta zein izango eta Patxi. Saio berritzaile honek ikusleengan eta bertsolariengan izan duen harrera ezinhobea ikusita, antolatzaileak zoriondu eta beste bat arte esatea besterik ez da falta!
Egilea: Aitor Tejedor Carreras
Tags: bertsoak barrenak astinduz lasarte-oria kultur-exea
Tokia: Lasarte-Oria
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





