![]() |
Eguraldi ederrak makina bat unibertsitateko ikasle zuzendu zituen Bilboko Sarriko auzoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatera eguzkiak burua ezkutatzen zuen garaian.
Aretoko ateak zabaldu orduko bete zen iluntasuna bihotza ilusioz beteta zuten katamalotarrez. Nahiko giro algaratsua zegoen Alex Arregi, Aintzina Lekue, Gorka Mugarza, Gorka Urbizu, Itsaso Etxebeste, Nerea Urbizu eta Gotzon Barandiaran azaldu ziren artean; hauek azaltzean isiltasuna zen nagusi. Hor zeuden katamaloak ikusleen aurrean biluzik beren instrumentuak babesle bakar zituztelarik.
Fokuak piztearekin metronomoa hasi zen guztion bihotz taupadak erritmo berberean jarriz. Poesia eta musika uztartzen zituen erritmo geldo eta lasai haiek ordu bete pasa paregabea pasarazi zuten; horrenbestekoa izan zen deialdiaren arrakasta, jendea lurrean eserita egon baitzen lekurik ez zela eta. Ikusleak erabat sartu ziren ikuskizunean eta giro atsegina nagusitu zen.Kantuen letra sakonak gai ezberdinei buruz pentsarazi zuen istant batzuetan bakarrik izan bazen ere. Gai horiek orotarikoak izan ziren, emakumeen kontrako indarkeriaren ingurukoak, katamaloen ingurukoak, zorionaren ingurukoak eta abar. Areto ilunak berriz ere bere betiko argitasuna hartu zuenean, ikusle guztiek aurpegian zuten irribarreak argitu zuela iruditu zitzaidan momentu batean.
Irteeran katamalo zale bat baina gehiago izan zen bihotz bakartien klubeko diskoa erosi zutenak eta orain, momentu honetan agian, beraiekin gozatzen ari direnak. Berriz ere, beste askotan, aurkezle mutuak emanaldia hasiko dela iragarri dezala eta mikrofonoak ez dezala inoiz gehiago agindu gehiago geure bizitza malapartatu honetan.
Egilea: Maialen Arizkorreta Aranza
Tags: katamalo
Tokia: Beste batzuk (EHU/UPV)
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu






