![]() |
2008/05/30
Aste Santu aurreratu hauetan oporretara joateko aitzakiarik ez dute izan zarauztarrek, eta herritik alde egiten badute garagardoa gustuko ez duten seinale. Izan ere, aurtengoan ere ez du huts egin Zarauzko Errugby taldeak antolatzen duen Garagardo Azokak, eta zortzigarren aldiz Munoa Plazan itxaron die bisitariei, itsasoari desafio eginez.
Karpa barrura abiatu, eta aurrez-aurre barra bat dago garagardo mota guztiak ilaran dituela. Sabaia aldiz, oihal txuri-urdinez dekoratuta dago, egunotan Zarauzko errege den Paulaner zerbeza etxearen propaganda eginez.
Pitxarra betetzeko hainbeste garagardo moten artetik bat hartu behar denez, 'Salvator'ekin hastea ez da ideia txarra. Paulaner etxearen garagardoetako bat da, marroi ilun bizia duena. Zapore ederra du, aho sabaian luzaroan geratzen den horietakoa; bere usaina ere guztiz sarkorra da.
Bazkaritarako tokia hartzeko eguerdi partean hurbiltzen da jendea, karpapeko mahai luzeetan eseri, eta kakahuete batzuen laguntzaz lehendabiziko garagardoa edanez denbora pasatzeko.
Tripa zorriak dantzan hasten direnean ordea, bazkaria hartzera doa jendea. Horretarako, sarrerako Amstel latan jan nahi dena erabaki, eta inguruan dagoen sukaldean eskatzen da. Aurtengoan ohiko saltxitxoiaren eta ukondoarekin batera oilaskoa eta txistorra ere eskaini dituzte, hurbiltzen diren guztiak asetzeko asmotan.
Sukaldera inguratu bezain laster, erretzen ari diren ukondo eta oilaskoaren lurrina karpa osoan zehar barreiatzen da, kanpoko hotzarekin aldentzen duen berogailu goxoaren tokia hartzeko.
Ukondoarekin batera aza ere ekartzen dute platerean. Bitxia da berau prestatzeko era, izan ere, garagardoarekin egosten baitute, eta horrek, aza zapore gazi-gozokoa bilakatzen du. Ukondoa berriz, erreta ematen dute. Lehenengo begiradan gihar gutxiko elikagaia dirudien arren, behin jaten hasita haragi asko du. Inguruko mahaietako gehienak ukondoa erdibana ari dira jaten bakar-bakarrik guztia bukatzeko lanak izaten baitira.
Animatuta eta pozik
Trikitixa doinuek giroa epeltzen laguntzen dute, honela, Laja eta Landakanda bikote klasikoaren pieza ezagunetako batekin pitxarra berriz betetzeko. Zarauztarrek <> deitzen diotena hartu dute, hau ere, Paulanerren familiakoa da, eta izenak ez du ez gezurrik
esaten kolore hori-horia baitu. Aurrekoaren aldean askoz arinagoa da, zapore onekoa.
Paulaner horiaren laguntzaz bazkaria bultzatzen saiatzen da erdiguneko gazte koadrila, bazkaloste lasaian daude hauek, konturatzerako iluntzen ari baita. Bitartean, jendearen joan-etorria antzematen da, batzuk kanpoko zirimiritik ihesi datoz; beste asko berriz, afaritarako tokia hartzera, ezin baita aurrez erreserbatu.
Ez dago parekorik
Harrigarria da benetan. Minutu gutxi batzuen buruan ia mahai guztiak beteta daude. Otartxoak kakahueteen azalez betetzen diren heinean hustutako pitxarrak gehitzen dira. Zazpi egunetako garagardotegi muntatuan ez da jada kanpoko haize hotza nabari, giroa berotzen hasi da.
Sukaldeko giroa ere pil-pilean dago, gauean eskatuko diren ukondo mordoak prestatzen ari dira. Bai sukaldariak bai zerbitzariek ere, ilusioz egiten dute egunotako lana. <> dio Eneko Kortajarena jokalariak edalontzi bat Guiness-ekin betetzen ari dela, lo gutxi eginda egoteak ere ez du arduratzen.
Irlandako edari tradizionala da Guiness-a, zerbitzatzeko ere modu berezia eta zaila duena.
Garagardo beltz hau edaterako gaua gainean da, ia denek afaldu dute, eta karpa leporaino beteta dago. Musika alaiak eserita daudenen hankak mugiarazi dituzte, mahai gainean dantzatzen hasteraino.
Kanpoan aldiz, giroa bustia eta hotza da baina hala ere, ilara luzeak daude Amstel lataren aurrean. Luze jarraituko du gauak, baina itsasoa izango da horren testigu. Izan ere, azken zortzi urteotan garagarraren olatuak lehertu baitira Zarauzko hondartzan.
Kategoriak:
EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Egilea: Araitz Muguruza Eizagirre
Tags:
Tokia: Zarautz
Egilea: Araitz Muguruza Eizagirre
Tags:
Tokia: Zarautz
Iruzkinak (0):
Ez dago argazki honen iruzkinik ...
Iruzkin bat egin:
Berria igo

Inprimatu






