![]() |
Pedro Lope de Larrea Ikastolak ez du ibilbide erraza izan 70ko hamarkadan abiatu egin zenetik; egoitza arazoek, publifikazio arazoek, iritzi ezberdinek... helburu nagusitzat Euskal Eskola Publiko bat sortzearen ametsa zuten irakasle eta guraso zenbaiten loa asaldatu zutela esan daiteke.
Inork baino hobeto ezagutu eta bizi dituen Arantxa Oiharbidek,musika eta plastika irakasleak, kontatu dizkigu hauek guztiak. Gaur egun ere, ikastolak oraindik arazo franko dituela aitortu digu. Ikastolaren sorrera urteetatik zaude Pedro Lope de Larrean.
Nola iritsi zinen Agurainera?
Ba ni Goierritarra naiz, Beasaindarra, eta bueno, nire gaztaroan beti irakaslea izateko irrikitan nengoen, nire gaztaroan ezagutu nuen ikastolen sorrera; Goierrin, Ataunen, Beasainen, Ordizian...eta ikusten nuen behar handia zegoela euskal kulturan eta gure hizkuntza berreskuratu eta dagokion lekuan ipintzeko. Orduan, irakasle izatea pentsatu nuen oso gaztetik. 14 urtekin jada, lehenengo euskal udalekuetara joaten nintzen. Saturrarango seminarioa aspaldian bota zuten, han hondartzan zegoela...hura nire lehenengo barnetegia izan zen monitore bezala, 14 urtekin edo. Gero Goierrin mugimendu bat sortu zen, euskal barnetegiak eta baita ere, euskal hezkuntza aurrera eramateko.
Ikastolen sorrera eta guzti hori. Lazkaoko praile batzuekin egon nintzen, lehenengo udaleku euskaldunak antolatzen hasi zirenak; Arantxa, ikasbiko liburutegiko “atontze-lanak” egiten. hemen Bernedon, Aintziñen, Abaigarren, Goñin...horrelako lekuetan. Eta joaten ginen gazte talde bat beraiei laguntzera, masa egin eta hormigoiarekin eta han ibiltzen ginen lanean. Gaur egun barnetegi horiek jarraitzen dute aurrera. Orduan Gasteizera etorri nintzen, Magisteritza Gasteizen bertan egin nuen, ze Gipuzkoan jende asko zegoen prest baina Araban behar handia zegoen eta bukatzerakoan Araban murgildu nintzen, bila, ea non behar zen nire laguntza.
Nola definituko zenituzke urte horiek, sorrera urte horiek?
Ilusio ikaragarria genuen, gogo handia genuen lapurtua izan zen zerbait berreskuratzeko. Guk beti erderazko irakaskuntza jasotzen genuen eta gainera gure herria ukatzen zuen irakaskuntza bat zen. Hori behin eta berriro entzuten eta jasaten genuen.
Gure hizkuntza eta kultura betidanik sukaldean, etxean, gorde genuen. Gainera oso gaizki ikusia zegoen kalean, euskeraz hitz egiten zuen jendea edo erderaz hitz egiten ondo ez zekienari iseka egiten zitzaion.Gure gaztaroan hori bizi izan genuen, euskera eta euskal kultura debekatuak zeuden eta guk horrekin puskatu eta gurea zena berreskuratzeko ahal zen guztia egin nahi genuen.
Musika irakaslea zara. Zer suposatzen du musikak zure bizitzan? Zergatik erabaki zenuen arlo honen irakaslea izatea?
Beno erabaki, erabaki.... nik ez nuen guztiz erabaki. Hori bilakaera bat izan zen. Ni ikastolara etorri nintzenean ba betidanik... Xirula-Mirula sortu zenetik ikastoletan. Izan ere Imanol Urbieta erreferentzia oso interesgarria da Euskal Herrian eta heziketa musikalean. Lan ikaragarria egin du eta ni hona orain dela hogeita hamalau urte etorri nintzenean “Haur Kantarien Birlorak” Cd batzuk zeuden, Imanol Urbietak eta Zarauzko ikastolako haurrek ateratakoa. Kriston bilduma polita, euskal kantak eta beno... gai guztiak ikutzen zituena.
Orduan, hasiera-hasieratik, furgonetan ume bila ibiltzen nintzenean goiz-goizetik, ikastolaratzeko, kanta horiek jartzen nizkien. Beti ardatz bat izanda; ingurunea lantzerakoan, euskera lantzerakoan musika erabiltzen nuen. Orduan erreformak espezialitateak sortu behar zirela agindu zuenean musika hautatu nuen. Urte askoz txistularia eta dantzaria izanda arlo hori aukeratu nuen.
Eta orain musika haur guztiei ematen diet eta plastika laugarren mailatik gora. Ikastolan denbora gehien irakaslea zara, urte hauetan guztietan hainbat irakasle eta ikasle igaro dira Pedro Lope de Larreatik. Dagoeneko erreferentzia bat izango zara askorentzat. Ba ez dakit. Egia da jende askok hori komentatzen duela, “begira, hor jarraitzen duzu”... baina asko aldatzen ari dira gauzak.
Ikastola sortu zenetik, gaur egunera, ikaragarri handitu da. Ikastola mugimendu eta gurasoen dinamika oso oso handi batekin sortu zen, konpromezu handi batekin... ez ginen eskola publiko ze debekatuta geunden, nolabait esateko “ilegalak” ginen. Gauzak aldatzen joan dira, sortu zen ere ikastola publifikatzeko aukera, zu oraindik oso gaztea zara baina txikitan bizi izan zenuen hori, guk irakasle bezala erronka oso handia izan genuen. Publifikatzeko aukera izan genuen eta beste batzuk pribatu moduan jarraitu zuten ikastolen federakundean.
Hemen Agurainen, momentu horretan ikastola asko haunditzen ari zen, Zapatari kale osoa geneukan hartuta, baina hartuta literalki. Edifizio guztiak gainezka zeuden eta prefabrikatuak genituen baita patioetan. Gurean sinisten zuen jende mordoa zegoen, euskal kulturan eta euskal hezkuntzan sinisten zuena.
Momentu horietan tokatu zitzaigun, publifikazio garaian, edifizio berri bat eraikitzen ari zen ikastolaren elkarte barruan. Hor bertan banaketa haundi bat eman zen, diru arazo larriak zeuden, eta orduan bai guraso aldetik eta bai irakasle aldetik...arrazoi ezberdinengatik...banaketa bat eman zen. Batzuk, ikastolaren muina mantendu nahi genuen, bere sustraia... ( emozionatu egiten da). Gure helburua beti izan zen euskal eskola publiko, baina euskaldun bat sortzea.
Baina ikusten genuen publifikazio garai horretan, eskaintza hori eman zenean, kezka handiak genituela. Ez genekien publikoan garantizatzerik izango genuen, momentuz, euskal eredua eta euskalduntasuna, euskal kurrikulum edo Euskal Herritik abiatutako hezkuntza bat. Eta gure zailtasunak ikusten genituen eta mantentzearen alde, erreferentzia hori mantentzearen alde , guraso eta ikastolaren federakundean bozkatu genuen.
Egia esan, emaitza oso parekatua izan zen. Baina azkenean publifikaziora jo zen. 1993an publifikatu ginen eta hor saiatuz jarratu dugu. Nik uste dut, ahal dugun guztia egin dugula, bai guraso eta bai irakasleek, eta lan polita egiten jarraitu dela. Beti euskal irakasleak iritsi zitezen saiatzen. Barnetegiak eta abar, euskalduntasuna aurrera eramateko. Uste dugu ahal dugun guztia egin dugula eta aurrera egin dugula. Ondoren etorri zitzaigun ikastola berri hori, lortu genuen, aurrera egin genuen eta ikastola berri hori txiki geratu zitzaigun ere.
Hor, kabitu ezinean geundenean, eskola ( Marcos Sagasti Eskola), betiko eskola, desagertzen ari zen, hiltzen. Eskola hori hutsik zegoen, oso ume gutxi zeuden eta Hezkuntza Sailetik berriro ere eskola berri bat sortzeko eskatu zitzaigun, eskola berri publiko bakarra herri honetan, eredu guztiak bilduko zituena eta abar...eta orduan berriro,berriro,berriro... (hunkitu egiten da).
Ni momentu horretan, eskola eta ikastolaren istorio horretan, zuzendaritzan nengoen ikasketa buru bezala...eta...eta tokatu zitzaidan negoziaketa guztiak egitea, bai Eusko Jaurlaritzako delegatuekin, bai Marcos Sagasti Eskolakoekin, eta baita irakasle eta gurasoekin, hemengoekin alegia, ikastolako partaideekin. Negoziaketak oso gogorrak izan ziren, guk lan pila egin genuen, argudio pila bilatzen, inmersio istoriak hezkuntzan, gure hizkuntza eta gure kultura, beti sorreran genuen ilusioarekin aurrera egiteko...( berriz hunkitzen da)... sentitzen dut.
Lasai Ba tira, negoziaketan egon ginen eta azkenean gurasoen aldetik oso harrera ona lortu genuen, asanblada oso oso interesgarriak, aportazio pila egin genituen egiten ari garen lanetan. Guk esaten genuen gure lana aurrera zihoala, hutsune askorekin baina aurrera gindoazela eta saiatzen ari ginela hori hobetzen baina guretzat ikastola ondo zihoala eta guk ezin genuela onartu atzerapauso bat B ereduak ezarriz eta abar, gure ikastolan. Hori guztiz ezinezkoa zen.
Esan bezala, argudio pila bilatu genituen inmertsioaren alde, euskal ereduaren alde... Azkenean lortu genuen, guraso guztiak gurekin batera, irakaslegoa ere. Aurrerapauso hori ematea lortu genuen eta eskolan zeuden umeak progresiboki geurean integratzen joan ziren. Aurrerapauso edo integrazio hori Marcos Sagastin, bi urte kostatu zitzaigun, bertako ume oso gutxi zeuden gainera, ze aurretik ere alde egiten joan ziren eta ikastolara sartu ziren.
Errefortzuak eskatu genituen ume horiek euskalduntzeko eta hobetzeko geletako plangintza eta hor jarraitu genuen beste erronka horretan. Edifizio kontuak berbirplanteatu behar izan genituen, bigarren mailararte utzi genuen ordurarte ikastola berria izan zena eta hirugarren mailatik gora, bigarren eta hirugarren zikloak, ba lehen eskola izandako honetan, hankaz gora jarri behar izan genuen guztia... Kriston aldaketa, garbiketa egin behar izan genuen eta hortan gabiltza.
“Eskola zen eraikin hau nahiko itxia da, nire lankide asko ez ditut egunean zehar ikusten” “Baliabide materialetan aurrera egin arren, pertsonaletan gabezi handian gaude” Nik uste ziklo hori amaitu dela. Ikastola dagoeneko, esparruari dagokionez egokituta dagoela, eta begira momentu honetan nire ardura liburutegi biak antolatzen bukatzea da, ikasbatekoa, lehen ikastola berria zena eta ikasbi , hauxe bera. Momentu honetan ari naiz, ikasbiko liburu guztiak katalogatuta dauzkat, umeek erabili behar dituzten materialak, eta ikasbatekoa aurten bukatzen ari naiz. Jada hau bezala dago baina gauzak katalogatzen eta antolatzen nago oraindik.
Dena den, ikastola berriarekin alderatuz hau nahiko itxia da, beste pisuetan dauden irakasleak ez ditut ikusten eraikin berean lan egin arren. Eta orain beste erronka batzuk ditugu, hemen arazo berriak ditugu, irakaslego aldetik ez dagoelako estabilitaterik. Arazo larri-larriak ditugu, momentu onetan finkoak oso pertsona gutxi gara, aurrera eraman behar dugu ikastetxea, oso ikastetxe handia, bi eraikinak gainezka ditugu, ez dago gela bakar bat ere hutsik, bi linea osatuta eta baliabide guztiak prest.
“Guk beti sinistu dugu Euskal Eskola Publiko batean, munduko kultura guztiak errespetatuko dituena” Egia da baliabideetan oso ondo dagoela, baina lehen aipatu bezala baliabide pertsonaletan arazo larrietan gaude. Hala ere proiektu pila ditugu, formakuntzan denbora asko daramagu, zuek txikiak zinetenean ere, asteazkenero, arratsaldetan beti formakuntza lanetarako erabiltzen ditugu eta urtez urte plantila ikaragarri aldatzen da eta transmisio hori egitea ikaragarri kostatzen zaigu. Oso nekatuta gaude... gauden betikoak...ba asko kostatzen da (berriro ere hunkitu egiten da).
Momentu honetan ere finkatu dituzten hainbat pertsona urteetan gurekin daudenak, ikasketa burua adibidez Respaldizara bidali dute, ezin zuzendaritza eratu, geure proiektua beste irakasleei transmititzea oso zaila da eta hala ere etortzen hari den jendea bikaina da. Jendea gaztea, gogoekin... behintzat gure antsietatea transmititzen diegu eta lan asko egiten dute baina konturatzerako zertan ari garen, alde egiten dute. Datorren urtean bost pertsona finko etorriko zaizkigu, 40 urtetik gorakoak, ez dakigu nortzuk diren, ez dakigu ezta ere ze interesekin etorriko diren baina espero dugu gure proiektuan sinistuko dutela eta jarraitzeko gai izango garela.
Baina zailtasunak handiak dira...eta... benetan...guk beti sinistu izan dugu eskola publiko berri batean, euskal eskola publikoa izan behar dela baina euskal kurrikulumean txertatuta egon behar dena, eta mundura zabaldua, mundu guztia eta kultura guztiak errespetatuko dituena. Ikusten ari gara asko kostatzen dela horrelako baldintzekin, asko kostatzen zaigula.
Baina beno, uste dugu aterako dela... (emozionatu egiten da) Niri bakarrik zazpi urte geratzen zaizkit.... Beharbada emozionatzen nahiz horregatik... gauza asko eta...
Ikastolaren etorkizunari begira zer espero duzu?
Nik espero dut, ba, gure ikastola egon behar den lekuan egotea eta espero dut hori lortzea baina... oso zaila ikusten dut. Oso zaila. Nahiko nuke, baina oso zaila ikusten dut. Egoera guztiengatik (Isilik gelditzen da). Uste dut mantentzen jarraitu beharko dela oraindik, ez dakit erresistentzia den, baina behintzat erlaxatu gabe. Tentsioa mantendu beharra dagoela, ze bestela oso zaila...
Egilea: Amaia Gartzia Payo
Tags: arantxa oiharbide pedro lope de larrea ikastola agurain irakaslea
Tokia: Agurain
Ez dago argazki honen iruzkinik ...

Inprimatu





