Tag dantza (4)1/4
2008/05/14

Argiak itzali ziren eta iluntasuna nagusitu zen aretoan. Zirrara berezi bat suma zitekeen ikuskizunaz gozatzera gerturatu zen jendearen begiradetan. Gaueko hamarrak ziren musikaren lehen akordeak gure belarrietara iritsi zirenean.

Sorgina esnatu eta lehen pausoak eman zituen oholtzaren gainean; oin bat lehenengo, bestea gero. Ez zetorren bakarrik ordea, dantzari eta musikariak zituen alboan eta Euskal Herriko txoko desberdinetan ikusitako dantzak, berriz, gogoan.

  

Juan Kruz Igerabidek idatzitako sorgin baten amodio istorioaren berri eman zuen Iñaki Beraetxeren ahots sarkorrak. Istorioa eta dantza korapilo berean harilkatutako bi soka ziren. Oinkari dantza taldekoek, Edu Murumendiarazek erakutsitako koreografien eta dantza tradizionalen bidez, pausoak eta hitzak uztartu zituzten.

Emanaldiak ordu eta erdi inguru iraun zuen eta emanaldiaren izenak dioen bezalaxe, aspaldira bidaiatu zuten ikusleek; aspaldiko tradizioetara. Bidaia, aspaldi lokartutako eta gure egunetan esnatutako sorgin batek gidatu zuen. Oholtza gainean, 70 dantzari eta 8 musikari aritu ziren kontakizunari bizia ematen.

Xanet Arozenaren zuzendaritzapean, zuzeneko musikaz baliatu ziren. Taula gainean txistua, txirula, kitarra, baxua, bateria, perkusioa, eskusoinua, ahotsa, bibolina, ahosoinua eta zeharkako flautaren doinu gozoak entzun ziren. Emanaldiak misteriozko giro berezia zuen, argi eta soinu efektuekin indartu zena. Argi urdinek, berdeek… dantzei kolore berezia ematen zieten.

Emanaldiak apaingarri ugari zituen arren, dantza zen garrantzitsuena. Ikusleek arretaz begiratzen zituzten oinen mugimenduak. Hasieran oholtza gainean agertu zen sorgina, beste hainbat sorginekin aritu zen dantzan akelarre gisako batean.

Ondoren, kaxarrankari ekin zioten dantzariek. Ikusleak mutu, kaxaren gainean dantza egiten zuen mutikoaren oinei begira-begira zeuden; huts egite bakar bat nahikoa izango zen zortzi arrantzalek airean mantentzen zuten kaxaren gainetik erortzeko. Zortzikoa eta Gipuzkoako dantzei ekin zieten gero dantzariek.

Tradizioak albo batera utzi zituzten dantza molde berri bati leku eginez. Ikusleak liluratzea lortu zuten dantza honekin, bat baino gehiagori malkoren bat isurtzeraino. Izan ere, maiteminduen arteko dantza honetan erabilitako musika (Patxi Perezen Arrosen valsa) zirraragarria zen.

Euskal Herri osoko dantzak izan ziren ikusgai: Bizkaiko, Eltziegoko, Lapurdiko eta Otsagiko dantzak, zaku zaharrak, Lantzeko ihauteriak eta Altsasuko momorrotxoak… Ikusleak urduri jarri ziren berriro ere suletinoaren unea iritsi zenean, ardoz betea dagoen edalontzi baten gainera igo behar baitute dantzariek.

Dantza honetan bazen beste bitxikeria bat ere, pailazo sudur gorri bana zeramaten bi pertsonaia agertu ziren, Pitxu izenez ezagunak, jendearen artean barre bat baino gehiago eragin zutenak beraien txantxekin. Fandango eta arin-arin ikusgarriak ere dantzatu zituzten, guztiek batera pauso berberak egiteko duten gaitasuna erakutsiaz.

Dantzariek bira bat ematen zuten aldiro, haien gonek ere halaxe egiten zuten, beraien oinak agerian utziaz. Kaxen gainean dantzatu zuten, trebezia handia erakutsiaz. Bok spok dantza modernoaren txanda izan zen gero, Kepa Junkeraren abestiaren erritmo biziari eutsiz.

Dantza honetarako apropos zeramaten janzkerarekin zein baino zein dotoreago ageri ziren eszenatokiaren gainean. Amaya dantzarekin eman zioten amaiera gau hartako ikuskizunari. Gudu zelai bihurtu zen orduan aretoa eta dantzariak berriz, gerlari bikainak.

Gerraren amaierarekin, guztia amaitu zen. Dantzariek dantza egiteari utzi eta musikariek beraien instrumentuak isildu zituzten. Baina, ordurarte lo gozoaz gozatu zuen sorgina itzarririk zegoen eta zuen berriro ere lozorroan sartzeko inongo asmorik.

Txalo zaparrada bat; ikusleen esker onaren adierazle eta egindako lanaren ordain-sari. Gau hartan, ikusle asko izan ziren sorginen istorioetan berriro ere sinesten hasi zirenak. “Aspaldikotik” emanaldiaren promozio bideoa ikusteko: http://www.youtube.com/watch?v=CQ4NRRWgPWM



Egilea: Eneritz Iraola Odriozola
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: oinkari dantza taldearen emanaldia
Iruzkinak: 1


2008/04/29

Ekialdeko dantzaz gozatzeko aukera eman du apirilaren 5ean Gasteizeko El Oasis aretoan ospatutako ekitaldiak. Izugarrizko harrera izan zuen "Egipto Gasteizen" izeneko ekitaldiak, non publikoak zilbor dantzaren magia ikusi zuen. Inolako dudarik gabe, pena merezi zuen lau euro ordaintzea dantzaren edertasun hori ikusteko.

Ekitaldia arratsaldeko 20.30etan hasi eta gaueko 22.00ak arte iraun zuen. Bertan, ekialdeko tradizioaren barruan sartzen diren hainbat dantza aurkeztu zire, hala nola, zilbor dantza, estilo tribala, Indiako dantza eta duende estiloa. Parte hartu zuten dantzariek liluratuta utzi zituzten ikusleak. Izan ere, esperientzia handia duten profesionalak ziren, baita artearen munduan oso ezagunak ere.

Gainera, denetariko elementuekin hornitu zituzten euren dantzak: beloak, sableak, krotaloak, Isis hegoak, dagak, argizariak, makilak, etab. Antzinako zilbor dantzariak ekialdeko jainkoei dantzatzen zieten. Gaur egun, emakumezkoen dantza gisa hartzen den arren, orain dela urte asko gizonezko arabiarrek egiten zuten, baina beste teknika batzuk erabiliz, jakina.

Hala eta guztiz ere, badira egun estilo hau ukitzera ausartzen diren hainbat gizon. Gabriel izan zen bere artea erakutsi zuen gizon bakarra ekitaldi honetan. Mutil kolonbiar hau Arabako zilbor dantzari bakarra da. Sarasvati izeneko dantza taldearen kide ere da, Amira eta Gisela artistekin batera. Euren esanetan, "Indiako Sarasvati jainkoaren ohorean" jarri zioten taldeari izen hori.

Sarasvati dantza taldea Sarasvati taldekideekin jarraituz, Gisela kolonbiarra da, baina urte asko eman ditu Euskal Herrian jada. Egiptora hainbat bidai egin eta bere artea bikaindu eta gero, bere izena daraman dantza-zentru baten jabea da. Nabarmentzekoa da ekitaldi honetan, beti bezala, bere bi sugeekin (Gaira eta Anubis) dantzatu zuen.

Falta den taldekidea Amira da. Edertasunez beteta dagoen artista honek zortzi urte daramatza ekialdeko dantzaren munduan sartuta. Gainera, bere irakaslea Clara Bueno dantzaria izan zen, mundu osoan zehar ezaguna. Amira sablearen dantzan espezializatzen da, borroka mugimenduak eta estiloaren dotoretasuna nahastuz. Aipatu beharra dago ikusle asko euren eserlekuetatik altxatu zirela bere espektakuloa amaitzerakoan. Momentu horretan, publikoaren txaloak besterik ez ziren entzuten.

Amirak, Giselak bezala, ekialdeko dantza irakatsi egiten du Arabako Legutiano eta Zurbano herrietan, Gasteizko Rodas gimnasioan eta Traspasos dantza-zentruan. Sarasvati taldeaz gain, beste dantzari batzuk ere ekitaldian parte hartu zuten. Horietako bat Leire Bolumburu izan zen. Duende dantza batekin liluratu egin zituen ikusleak.

Baina ekitaldi horretako dantzari aipagarriena Munique Neith famatua izan zen. Bartzelonatik etorri zen publiko euskaldunari bere artea erakustera. Horrez gain, ekitaldiaren hurrengo egunean ekialdeko dantzari buruzko ikasketa batzuk eskaini zituen. Ekitaldiak iraundu zuen ordu eta erdi horretan, publikoak kolorez betetako amets polit bat bizi izan zuen, esnatzeko inolako gogorik gabe.



Egilea: paula palomares
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: ekialdeko dantza gasteiz oasis sarasvati
Iruzkinak: 0


2007/10/04

Dantza talde donostiarrak eskarmentu handia du jada, hau bere seigarren emanaldia dute eta. Verdini Dantza Taldeak “Argira” emankizuna Vila Errenteria Kultur Etxean antzeztuko du Igandean arratsaldeko zortzietan. Komeni da gogoraraztea sarrerak 8 euroko salneurria izango dutela.

Isabel Verdiniren antzezlanak ahalmen urriko pertsonenganako gizartearen gehiegizko babesaren inguruko eztabaida agerian uzten du ipuin baten bitartez. Ikuskizunean agure batek artatxori bat bere etxera eramatea erabakitzen du, hiriko arriskuei aurre egiteko kapaz ikusten ez duelako. Agurearen nahia txoriari babesa ematea da baina egun batean hilik aurkitzen du animalia kaiolan.

Hala ere, “Argira”-ren aurrestrenaldia pasa den martxoan burutu zuten, Zine eta Giza Eskubideen V. Batzarraren esparrua aprobetxatuz.

Aurreko urtean “Ilunpetik” ikuskizunarekin gozarazi ondoren, emanaldi berri honekin errepertorioa agortu ez zaiela erakusten dute. Aurretik “Gure indarra” (2000), “Nahi nuena” “2002), “Bihotzetik” (2003) eta “Bihotzetik II” (2004) interpretatu dituzte baita.

Verdini Dantza Taldea aurrera eramatearen ekimena 1992. Urtean jaio zen, ezindu intelektualak dantzaren bitartez integratzeko helburuarekin. Talde moduan eginiko lehen emanaldia 2000. urtean izan zen, Atzegiren 40. urteurrenean, “Gure indarra” antzezlana aurkeztuz.

Verdini Dantza Taldearen sorrera Isabel Verdini beraren ibilbidearekin zilborrestez lotuta dago. Bartzelonako Institut del Teatren Koreografia eta Interpretazioa Lizentziatura ikasketak egiten ari zela jaio zen Down sindromearekin bere iloba. Gertaera horrek bere ibilbide profesionala ahalmen intelektual urria duten pertsonekin lan fisikoa eta artistikoa garatzera bultzatu zuen.



Egilea: Eriz Lotina Huerga
Kategoriak: gizartea
Tags: dantza
Iruzkinak: 0


2007/09/21

Iurretan, irailaren 22an, ospatuko da aurtengo Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Orain dela 40 urte ere Iurretan antolatu zen lehenengo aldiz jai hau. Hala ere, 35. edizioa izango da, urte batzuetan debekua eta etena izan zuelako. Guztira, 16 taldek parte hartuko dute: Iurreta (5 talde)/ Abadiño (3 talde)/ erriz (3 talde) / Garai (2 talde) / Durango (1 talde) / Atxondo (1 talde) / Otxandio (1 talde).

Jatorriz esparru zabalagoa izan zuen Dantzari-dantzak, baina XIX. mendetik Iurreta, Garai, Berriz, Abadiño, Izurtza eta Mañariako elizateetan iraun du eta XX. Mendearen hasieran, Euskal Herri osora zabaldu zen berriro.

Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean plazara ateratzen diren dantza taldeek derrigorrezkoa dute Dantzari-dantza osotzen duten 9 dantzak jakitea: Agintariena, Zortzinago, Ezpata txikiak, Banango, Binango, Launango, Ezpata joko nagusia, Makil jokoa eta Txotxongiloa.

Dantzari dantza egin ondoren, dantza talde bakoitzeko bina dantzarirekin osotutako soka plazan egingo da. “Aurreskua”, “Atzeskua” eta “Dantza soltea” egin ondoren, folklore ekitaldia amaitutzat joko dute.

Ezpatadantzari Eguneko ekitaldi guztiak arratsaldeko 18:30etan hasita egingo dira: kelejira, Dantzari-Dantza saioa, afaria eta afalosteko dantzaldia. Informazio gehiago: www.gerediaga.com



Egilea: izaskun ellakuriaga
Kategoriak: Kalez kale
Tags: iurreta dantza
Iruzkinak: 0


Berria igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:



Zer da hau?
Zure esku jarritako tresna bat da honako hau. Bi aukera daude: - Gai bat proposatu EiTBko profesionalek landu dezaten. - Zure albisteak zuzenean bidali. Testuak, argazkiak, bideoak eta audioak. Egunerokotasuna, gertakizunak, hurbileko kontuak, edo urrunekoak,... Gainera ETBko albiestegietan atera daitezke. Animatu eta kontutan izan arau hauek:

1)Titularrak letra xehez bidali. Letra larriz idaztea oihu egitearen baliokidea da Interneten.

2)Testuetan albisteak kontatu. Gogoratu hau herritarrek egindako kazetaritza dela. Iritziak emateko tartea ondoan daukazu. Albistea publikatutakoan, hortxe plazaratu ahal izango duzu iritzia.

3) Ekimen honen bidez, erabiltzaileei leiho bat zabaldu nahi diegu; albiste handi baten lekuko izan diren erabiltzaileei zein horren ohikoak ez diren berriak kontatzen dituztenei, edota politikaren eta horren ingurutik urrun dauden gaiak hurbiltzen dizkigutenei. Politika eta inguruko kontuak ez dira honen helburu, eta badute lekua taldeko komunikabideetan.

4) Ulergarriak ez diren titular eta testuak editatu ahal izango dira gainerako erabiltzaileek uler ditzaten.

5)Argazkiak ondo fokatuta bidali. Bideoei dagokienez, berriz, ez mugitu kamera batetik bestera, ahal duzun neurrian behintzat. Audioak, azkenik, entzuteko modukoak direnean bidali.
Bilatu
Bilatu tokia
Azken iruzkinak
Deustok BTk, irabazi dio Mungia BTari partidu luze eta interesgarri baten ondorioz - Olatz - 2008-05-21 00:33:36
“Aspaldikotik” emanaldiarekin kimu berriak sortu dira tradizioaren sustraietatik - itxaso onsalo - 2008-05-19 13:43:53
Ahots gazteari, gazteek omen - Garikoitzen fan bat..jajajaja - 2008-05-01 00:52:03
Asteburu honetan erabakita gelditu dira Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak - pedro - 2008-04-01 20:08:12
Olibondoak Gipuzkoan - Urtzi Jauregibeitia Martinez - 2008-01-28 11:03:38
Kategoriak
Artxiboak
Hilean herri-kazetari aktiboena
Urtean herri-kazetari aktiboena
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu