![]() |
| Tag elisabete (1) | 1/1 |
Emakumeen Egunaren inguruko hitzaldian sexu gutxituenaren aldeko hitzak izan zituen idazleak. Martxoaren 8ko ospakizunaren atarian, Literatur Nobel Saria jaso duten emakumezkoei buruz mintzatu zen Elisabete Tolaretxipi idazle, poesiagile eta itzultzailea.
Pearl S.Buck eta Doris Lessing emakume sarituak izan ziren protagonista. “Historikoki eta geografikoki hain urrun zeuden emakume hauen arteko lotura beren literatura da” gogorarazi zuen Tolaretxipik.
Orain arteko Nobel Sari femeninoak 11 direla eta, gizonezkoek ateratzen dieten “alde ikaragarria” salatu zuen. Buck, Literatur Nobel Saria irabazi zuen lehenengo emakume iparramerikarrak, emakume arruntak “heroitzat” azaltzen zituzten obrak idatzi zituela esan zuen Tolaretxipik. “Ameriketako Estatu Batuetan 1892an jaio bazen ere, Txinan pasa zuen bere bizitzaren zatirik handiena, eta hau izan zen bere obretako kokalekua” argitu zuen. “Ezagutzen dudan horri buruz idatziko dut” esaldiari jarriki gauzatu zuen Buck-ek bere lan guztia. Tolaretxipiren hitzetan, “Txinaren bilakaera historikoa ederki ezagutu daiteke emakume honek idatziriko nobelen bidez”. “Gai unibertsal eta ekintza borobilak” landu zituenez, obrak edonorentzako irakurterrazak direla adierazi zuen; “gainera, minak, poztasunak, ahuleziak eta nahigabeak kontatzerakoan erabiltzen diren zehaztasunen ondorioz, istorioek lehenengo pertsonan idatzirik daudela ematen dute”, gehitu zuen.
Doris Lessing-i aldiz, 2007an eman zioten Literatur Nobel Saria. “1919an Pertsian jaio zen, eta arrazakeria, sexu bazterkeria, gizarteko arazoak eta gorabehera politikoak landu zituen bere idazki anitzetan”, azpimarratu zuen Tolaretxipik. Besteak beste, egunerokoak, kontaketa laburrak, ipuinak, antzerki gidoiak eta eleberriak idatzi zituela, eta horietako zenbait idazterako orduan Afrikan izaniko bizipenez baliatu zela esan zuen. “Bere obrek intentzio bikoitza dute”, azaldu zuen idazle eta poesiagileak, “munduko injustiziak salatzea eta giza sentimenduei buruz hitz egitea”. Lessing-ek irakurlea emozioetara erakarri nahi zuen, eta horretarako baliabide eta tresna ugari erabili zituen. Besteak beste, arrazakeriaz ohartarazteko ez zuela ekintza bera gaitzesten, honek ondoren ekartzen zituen ondorioetan murgiltzen zela aipatu zuen; “Afrikan bizitzea abantaila zen berarentzat obrak idazterako orduan, kontaketa bertatik zuzenean emateko aukera ematen baitzion”.
Biak bateratuz alde nabarmenak baztertuta, idazle hauek historiako emakume ezezagunei hitza eman izana erabili zuen Tolaretxipik biak batzeko arrazoi gisa. Bere ustetan, emakume protagonistak “heroi modura” azaltzea ez da saria emateko fundamentuzko arrazoia, hau “barregarria” iruditzen baitzaio. Horren ordez, kontuan izanda emakumezko Nobel saridunak oso gutxi direla, beren lan “Viento del este, viento del oeste” edota “El cuaderno dorado” gomendatu zituen, eleberrien kalitateagatik.
Egilea: Maialen Gońi Balenziaga
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: literatur nobel saria emakumeak elisabete tolaretxipi emakumeen eguna buck lessing
Iruzkinak: 0

Inprimatu





