Tag emanaldia (1)1/1
2008/05/14

Argiak itzali ziren eta iluntasuna nagusitu zen aretoan. Zirrara berezi bat suma zitekeen ikuskizunaz gozatzera gerturatu zen jendearen begiradetan. Gaueko hamarrak ziren musikaren lehen akordeak gure belarrietara iritsi zirenean.

Sorgina esnatu eta lehen pausoak eman zituen oholtzaren gainean; oin bat lehenengo, bestea gero. Ez zetorren bakarrik ordea, dantzari eta musikariak zituen alboan eta Euskal Herriko txoko desberdinetan ikusitako dantzak, berriz, gogoan.

  

Juan Kruz Igerabidek idatzitako sorgin baten amodio istorioaren berri eman zuen Iñaki Beraetxeren ahots sarkorrak. Istorioa eta dantza korapilo berean harilkatutako bi soka ziren. Oinkari dantza taldekoek, Edu Murumendiarazek erakutsitako koreografien eta dantza tradizionalen bidez, pausoak eta hitzak uztartu zituzten.

Emanaldiak ordu eta erdi inguru iraun zuen eta emanaldiaren izenak dioen bezalaxe, aspaldira bidaiatu zuten ikusleek; aspaldiko tradizioetara. Bidaia, aspaldi lokartutako eta gure egunetan esnatutako sorgin batek gidatu zuen. Oholtza gainean, 70 dantzari eta 8 musikari aritu ziren kontakizunari bizia ematen.

Xanet Arozenaren zuzendaritzapean, zuzeneko musikaz baliatu ziren. Taula gainean txistua, txirula, kitarra, baxua, bateria, perkusioa, eskusoinua, ahotsa, bibolina, ahosoinua eta zeharkako flautaren doinu gozoak entzun ziren. Emanaldiak misteriozko giro berezia zuen, argi eta soinu efektuekin indartu zena. Argi urdinek, berdeek… dantzei kolore berezia ematen zieten.

Emanaldiak apaingarri ugari zituen arren, dantza zen garrantzitsuena. Ikusleek arretaz begiratzen zituzten oinen mugimenduak. Hasieran oholtza gainean agertu zen sorgina, beste hainbat sorginekin aritu zen dantzan akelarre gisako batean.

Ondoren, kaxarrankari ekin zioten dantzariek. Ikusleak mutu, kaxaren gainean dantza egiten zuen mutikoaren oinei begira-begira zeuden; huts egite bakar bat nahikoa izango zen zortzi arrantzalek airean mantentzen zuten kaxaren gainetik erortzeko. Zortzikoa eta Gipuzkoako dantzei ekin zieten gero dantzariek.

Tradizioak albo batera utzi zituzten dantza molde berri bati leku eginez. Ikusleak liluratzea lortu zuten dantza honekin, bat baino gehiagori malkoren bat isurtzeraino. Izan ere, maiteminduen arteko dantza honetan erabilitako musika (Patxi Perezen Arrosen valsa) zirraragarria zen.

Euskal Herri osoko dantzak izan ziren ikusgai: Bizkaiko, Eltziegoko, Lapurdiko eta Otsagiko dantzak, zaku zaharrak, Lantzeko ihauteriak eta Altsasuko momorrotxoak… Ikusleak urduri jarri ziren berriro ere suletinoaren unea iritsi zenean, ardoz betea dagoen edalontzi baten gainera igo behar baitute dantzariek.

Dantza honetan bazen beste bitxikeria bat ere, pailazo sudur gorri bana zeramaten bi pertsonaia agertu ziren, Pitxu izenez ezagunak, jendearen artean barre bat baino gehiago eragin zutenak beraien txantxekin. Fandango eta arin-arin ikusgarriak ere dantzatu zituzten, guztiek batera pauso berberak egiteko duten gaitasuna erakutsiaz.

Dantzariek bira bat ematen zuten aldiro, haien gonek ere halaxe egiten zuten, beraien oinak agerian utziaz. Kaxen gainean dantzatu zuten, trebezia handia erakutsiaz. Bok spok dantza modernoaren txanda izan zen gero, Kepa Junkeraren abestiaren erritmo biziari eutsiz.

Dantza honetarako apropos zeramaten janzkerarekin zein baino zein dotoreago ageri ziren eszenatokiaren gainean. Amaya dantzarekin eman zioten amaiera gau hartako ikuskizunari. Gudu zelai bihurtu zen orduan aretoa eta dantzariak berriz, gerlari bikainak.

Gerraren amaierarekin, guztia amaitu zen. Dantzariek dantza egiteari utzi eta musikariek beraien instrumentuak isildu zituzten. Baina, ordurarte lo gozoaz gozatu zuen sorgina itzarririk zegoen eta zuen berriro ere lozorroan sartzeko inongo asmorik.

Txalo zaparrada bat; ikusleen esker onaren adierazle eta egindako lanaren ordain-sari. Gau hartan, ikusle asko izan ziren sorginen istorioetan berriro ere sinesten hasi zirenak. “Aspaldikotik” emanaldiaren promozio bideoa ikusteko: http://www.youtube.com/watch?v=CQ4NRRWgPWM



Egilea: Eneritz Iraola Odriozola
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: oinkari dantza taldearen emanaldia
Iruzkinak: 1


Berria igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:



Zer da hau?
Zure esku jarritako tresna bat da honako hau. Bi aukera daude: - Gai bat proposatu EiTBko profesionalek landu dezaten. - Zure albisteak zuzenean bidali. Testuak, argazkiak, bideoak eta audioak. Egunerokotasuna, gertakizunak, hurbileko kontuak, edo urrunekoak,... Gainera ETBko albiestegietan atera daitezke. Animatu eta kontutan izan arau hauek:

1)Titularrak letra xehez bidali. Letra larriz idaztea oihu egitearen baliokidea da Interneten.

2)Testuetan albisteak kontatu. Gogoratu hau herritarrek egindako kazetaritza dela. Iritziak emateko tartea ondoan daukazu. Albistea publikatutakoan, hortxe plazaratu ahal izango duzu iritzia.

3) Ekimen honen bidez, erabiltzaileei leiho bat zabaldu nahi diegu; albiste handi baten lekuko izan diren erabiltzaileei zein horren ohikoak ez diren berriak kontatzen dituztenei, edota politikaren eta horren ingurutik urrun dauden gaiak hurbiltzen dizkigutenei. Politika eta inguruko kontuak ez dira honen helburu, eta badute lekua taldeko komunikabideetan.

4) Ulergarriak ez diren titular eta testuak editatu ahal izango dira gainerako erabiltzaileek uler ditzaten.

5)Argazkiak ondo fokatuta bidali. Bideoei dagokienez, berriz, ez mugitu kamera batetik bestera, ahal duzun neurrian behintzat. Audioak, azkenik, entzuteko modukoak direnean bidali.
Bilatu
Bilatu tokia
Azken iruzkinak
Deustok BTk, irabazi dio Mungia BTari partidu luze eta interesgarri baten ondorioz - Olatz - 2008-05-21 00:33:36
“Aspaldikotik” emanaldiarekin kimu berriak sortu dira tradizioaren sustraietatik - itxaso onsalo - 2008-05-19 13:43:53
Ahots gazteari, gazteek omen - Garikoitzen fan bat..jajajaja - 2008-05-01 00:52:03
Asteburu honetan erabakita gelditu dira Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak - pedro - 2008-04-01 20:08:12
Olibondoak Gipuzkoan - Urtzi Jauregibeitia Martinez - 2008-01-28 11:03:38
Kategoriak
Artxiboak
Hilean herri-kazetari aktiboena
Urtean herri-kazetari aktiboena
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu