![]() |
| Tag hitzaldia (7) | 1/7 |
“ Unibertsitatea beroketa besterik ez da, benetako karrera amaitzean dator “
Jesus Revuelta publizitate sortzaileak atzo eman zuen hitzaldia EHUko Leioako kanpuseko gela nagusian. Hitzaldi hau aste honetan zehar unibertsitatean bertan antolatutako “La alfombra roja de la publicidad” jardunaldien parte da. Euskal Herriko Unibertsitateak EMedia enpresarekin batera antolatu ditu publizitate jardunaldi hauek, unibertsitateko ikasle eta irakasleei zuzenduta.
Duela 4 urte besterik ez zituen bere publizitate ikasketak amaitu Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Jesus Revuelta publizitate sortzaileak ikasketak hasi eta gaur egun arte bizitako esperientziak kontatu zizkien bertara gerturatu ziren ikasle eta irakasleei, hainbat aholku eta gida emanez.
Hitzaldia bi zatitan egituratu zuen: lehenengo,10 aholku sinple eman zituen, publizitatean arrakasta izan nahi duen orok jarraitu beharrekoak. Horien artean zeuden adibidez lotsa galtzea, aukera guztiak aprobetxatzea edota ingelesa ikastea. Aholku guztiak esperientzia pertsonaletatik ateratako ondorioak dira, hitzaldian berak kontatu zuenez. Bigarren zatian berriz, publizitatearen munduak gaur egun sufritzen dituen aldaketez mintzatu zen, hala nola publizitatearen digitalizazioaz. Azaldutako puntuetako asko, adibideen bitartez jantzi zituen, hainbat iragarki erakutsi eta azalduz.
Sortzaile polemikoa
Jesus Revuelta pertsona ezaguna da bere publizitate sortzaile lanagatik baina horrez gain badu beste ospe iturri bat. Ikasten ari zela agindu zioten lan baten ondorioz bere espermatozoideak saldu zituen internet bidez. Honek ospea eman zion estatu mailan, polemika altxatu zuen gaia izan zelako.
Egilea: Izaro Apraiz Argintxona
Kategoriak: denetarik EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: hitzaldia ehu
Iruzkinak: 0
Denetik jatea da “egoki” jatea, beti ere kopurua zainduz. Arantxa Lorenzo dietistak argi eta garbi dio elikadura egokia «gorputzaren energia-beharrak» asetzera zuzendutakoa dela. Eta hori lortzeko bidea bakarra: denetik jatea, baina bere neurrian.
Zenbat jan behar den neurtzea ez da, ordea, teorien bidez azal daitekeen kontua, dietista honen ustez. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari lotuta egin zituen adierazpen hauek Lorenzok, “Zer jan, hala bizi” hitzaldia eman baitzuen iragan martxoaren 7an Elduaingo Larte kultur etxean. Pertsona bakoitza desberdina dela argi utzi nahi izan zuen Lorenzok hasiera-hasieratik, eta bakoitzaren bizi-tankerak erabat baldintzatzen duela zenbat jan behar duen: kirolik egiten duen, zein adin duen, emakumea edo gizona den...
Hala ere, badira zenbait pauta guztiek jarraitu beharrekoak, eta horiek azaldu zituen Arantxa Lorenzok. Dieta orekatu baten oinarria karbohidratoak direla azaldu zuen; gizakiaren energia-beharren erdia ematen digute hauek eta hainbat janaritan aurki ditzakegu: ogia, zerealak, patata... Ondoren datoz koipeak (olioa, fruitu lehorrak) eta proteinak (animali jatorriko produktuak, lekaleak).
Gatz mineral, zuntz eta bitaminek, berriz, ez digute energiarik ematen, baina, diestistaren hitzetan, hauek ere hartu beharrekoak dira, «beste behar batzuk asetzen baitituzte». Beraz, denetik jatea beharrezko da, Lorenzoren aburuz. Otorduei dagokienez, egunean gutxienik hiru egin behar direla adierazi zuen: gosaria, bazkaria eta afaria.
Hamaiketakoa eta askaria ere egin beharrekoak dira, baina ez ezinbestean. Bereziki azpimarratu zuen otordu guztiak egin behar direla, ordutegiak errespetatuz. Horietatik kanpo, berriz, garrantzitsua da ez «pikatzea», hori baita gorputzari kalte gehien egiten diona. Dietista, lanbide berria Lorenzok hitzaldian behin eta berriz azpimarratu zuen denetik jatea beharrezko dela eta, horren harira galdera egin zion bertaratutako batek: «Denetik jan behar bada, dieta eske joandakoan zergatik galarazten digute zenbait janari jatea?».
Lorenzok adierazi zuenez, dietistak gutxi dira oraindik, eta, askotan, beraien lana beste batzuek egiten dute, askotan zer-nolako dietak ezarri behar diren ongi ez dakitenak. Hala ere, Lorenzoren hitzetan, janari batzuk galaraztea geroz eta gutxiagotan gertatzen da, kantitateari erreparatzen baitiote adituek. Azken batean, janaria jateko debekuak bide egokia ez direla adierazi zuen dietistak: «Jatea, azken batean, disfrutatzea da, eta debekuek mugatu egiten dute hori».
Dietak estu ez dira hartu behar, Lorenzok azpimarratu zuenez: «Egunerokotasunak du garrantzia, jarraipenak, alegia; beraz, noizean behin ez dago gaizki salbuespen txikiren bat egitea». Ospakizun eta antzekoetan salbuespenak lasai egin daitezkeela adierazi zuen adituak, baina, bere hitzetan, ospakizunen ondoren elikadura zaintzen jarraitu behar da.
Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria
Kategoriak: denetarik
Tags: elikadura hitzaldia dietista
Iruzkinak: 0
Chema Madoz fotografoak “Objektuen Ametsa” gaiari buruzko hitzaldia eman zuen martxoaren 13an arratsaldeko 20:00etan Gasteizko Artium museoan. 2000.urteko argazki arloko Sari Nazionalaren irabazle honek objektuen alde poetikoena azaldu zuen, bere gogoetarako abiapuntua erreplika-gaiaren erakusketa izanda.
“Seré breve, pero confuso” esaldiarekin hasi zuen Madrilgo artistak bere hitzaldia. Bertan, ikusleek argazki multzo baten proiekzioa ikusi ahal izan zuten. Sari nazionala ez ezik, beste hainbat erakusketa eta sari ere aipatzekoak dira argazkilariaren bizitza profesionalean zehar; Reina Sofia museoan egindakoa nabarmentzekoa da, baina Europan eta Estatu Batuetan ere egin du lan.
Bere arteari dagokionez, zuri-beltzean egiten dituen argazkietan hainbat forma literario erabiltzen ditu, hala nola, metafora, ironia eta humorea. Lan egiterakoan, beti argi naturala erabiltzen duela baieztatu zuen, eta irudiak osatzeko asmoz bere inguruan dauden objektuak erabiltzen dituela ere bai. Argazki bat ateratzerakoan, bere helburua konkluzio batera iristea dela zioen, zerbait kontatzea.
Horretarako, bere lana ez dela objektuarekin martxan jartzen adierazi zuen, baizik eta lehendabizi irudia ateratzeko leku aproposa bilatzen duela eta, gero, beharrezko materiala. Hitzaldiaren tituluan argi islatzen da Chemak bere argazkietan egiten duena dela objektu sinple batzuek adierazten dutena bere irudietan gauzatzea.
Dena den, bere argazkiek ikusleen interpretazioetarako ateak zabalita uzten dituzte. Hori dela eta, argazkiek ez dute titulurik.
Egilea: paula palomares
Kategoriak: denetarik EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: hitzaldia chema madoz kultura argazkilaritza
Iruzkinak: 0
Ricardo Tejedor, J&B edari alkoholdunaren kreatiboa, markaren publizitate kanpainaz aritu zen Leioako EHUn. Batez ere, Interneten bidezko publizitate interaktiboak duen garrantziaz hitz egin zuen. Astelehenean hasi ziren Leioako Aula Magnan gaur arte iraungo duten publizitate jardunaldiak.
Atzokoan Ricardo Tejedor J&B edari alkoholdunari buruz mintzatu zen. J&B publizitatzeko bitarteko garrantzitsuenari buruzko xehetasunak eman zituzten batez ere, internet hain zuzen. “Internet kontsumitzailearekin elkarreragiteko modu itzela izan delako”, esan zuen Tejedorrek. J&Bren ibilbidea interneten 2005. urtean hasi zen. Webgunea markaren ekintzen euskarri moduan sortu zen eta laster, lehen erregistratuak etorri ziren.
Tejedorren esanetan, benetako boom-a Nightology Boat-arekin sortu zen. J&Bk antolatutako itsasontzi hau Espainiako hiri garrantzitsuenetan lehorreratu zen eta bertan festa bat egin zen. Ekitaldi honetarako sarrerak lortzeko modu bakarra online erregistratzea zen, eta horren bitartez jende asko animatu zen webgunea bisitatzen.
”Nightology Boat-arekin lortu genuen oihartzuna ikusita, Gabonetarako kanpainarako ere, online izango zen zerbaitetan pentsatzen hasi ginen. Horrela sortu zen gabonetako txartel pertsonalizatuen ideia”. Azken hauen arrakasta ere izugarria izan zen: 500.000 gabonetako txartel sortu ziren, internauta bakoitzak bere erara moldatu eta lagunei bidal ziezazkiokeenak.
Handik aurrera, J&Bren elkarreragina geldiezina izan da. Urtero itsasontzia bezalako zerbait antolatzen da udan, 2007an hotel batean izan zena, eta Gabonetan ere Christmas pertsonalizatu eta originalak eskaintzen zaizkio webgunearen bisitariari.
Gaur egun, Internet edariaren bitarteko bezala finkatu da eta kontsumitzaileari geroz eta protagonismo gehiago ematea saiatzen da. ”Digitalizazioa markaren ustiapenaren ardatza da”, adierazi zuen Tejedorrek.
Egilea: Ane Fernandez Aranburu
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: publizitate hitzaldia
Iruzkinak: 0
Eusko Ikaskuntzak antolatuta 1975-2005 bitarteko euskal artea berrikuskatzeko hitzaldiak burutu ziren atzo Donostiako Miramar jauregian. Jardunaldiak arratsaldeko 16:30etan hasi eta 18:00ak aldera amaitu ziren.
Arratsaldeko saioari hasiera eman zion Vigoko (Galicia) Unibertsitatko eskultura irakaslea eta artegilea den Juan Luis Morazak. Bere hitzaldia “Igarotzeak (objektuak, eskulturak eta instalazioak)” gaiaren ingurukoa izan zen. Bere esanetan Trantsizioak eta ETAk 1968. urtean burututako lehenengoa tentatuak euskal artea ulertu ahal izateko oso esanguratsuak dira.
Juan Luis Morazak adierazi zuenez, euskal artea hurrengo bi testuinguruekin lotzen da: alde batetik, euskal nekazaritza eta paisaiarekin lotutakoa eta bestetik, testuinguru industrial, politiko eta sozialarekin lotura duena. Morazaren aburuz, euskal artegileez mintzatzean, ezin daiteke belaunaldi batez soilik hitz egin, hiru belaunaldiez baizik.
Lehenengo belaunaldian Euskal Artegileen Eskola kokatzen du. Bere esanetan, belaunaldi hau batetik, arte moderno eta kimikoaren arteko nahasketa bat da eta bestetik, borroka antifrankista eta euskal identitatea eraikitzeko grina. Belaunaldi honetan Oteiza eta Chillida artegileak kokatzen ditu Morazak. bigarren belaunaldian artistak ez direla euskal identitatea eraikitzeaz hainbeste arduratzen eta heterogeneotasuna dela nagusi nabarmendu zuen. Hirugarren belaunaldia anitza eta nazioartekoa izan zela adierazi zuen.
Komunikazioak, jardunaldien aberasgarri Arratsaldeko jardunaldiei amaiera emateko komunikazioak burutu ziren. Hauen bidez euskal arteaz egin diren azken ikerketen berri izan zen. Lehenengo komunikazioa Ana Arnaiz, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak, Oteiza eta Amentzagañako hilerriaz egindako ikerketaz mintzatu zen. Bigarren komunikazioa Itxaro Delgado Beltrán de Heredia, Artearen Historiako irakasleak, Esther Ferrer artegileak bere obran erabili zituen soinu eta musika estrategiei buruz aritu zen.
Arratsaldeko saioari amaiera emateko, Emilio Ruiz de Arcaute Martínez, arte zaharberritzaileak, Gasteizko Artium museoan Javier Perez artegileak beilarekin egindako instalazioaren eraikitze prozesuaz aritu zen.
Egilea: Aitor Tejedor Carreras
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: artea donosti berrikusketa hitzaldia miramar jauregia
Iruzkinak: 0
BBVA fundazioak prestatutako hitzaldiek otsailaren 26tik apirilaren 29rarte iraungo dute eta guztira zazpi adituk hartuko dute parte Kasu honetan British Society for the History of Science-ko kide den Fern Elsdon-Baker-ek “Darwinismo vs. Wallcismo: El ‘darwinismo puro’ defendido por Wallace” gaitzat zuen hitzaldia eman zuen.
Bertan, Darwinen eboluzioaren teoriaren nondik norakoak argitu zituen, beti ere Wallacen ikuspegitik. Fundaizo hau, BBVAk pertsonen etorkizuna hobetzeko duen interesarekin bat dator. Horrela, gai honen inguruko konferentzi zikloa antolatu du jakintza honen inguruko hainbat sektoretan, hala nola ingurugiroan, gizarte zientzietan eta biomedikuntzan inbestigazio zientifikoa bultzatzea delako bere xede garrantzitsuena.
Durhameko unibertsitatean zientziaren historiaren irakalse den Elsdon-Baker-ek gainera, garaiko testuinguruan kokatu zuen hitzaldia, Wallace, Darwin eta Romanes nortzuk ziren argituz eta horretarako, hainbat eskutitz, eskuizkribu eta aipu bilduz. Hitzaldia ingeleraz izan zen, eta beraz bertan zeudenak gal ez zitezen, itzultzaile batek Fern Elsdon-Baker-en hitzaldia hitzez hitz itzuli zuen gaztelerara.
Jende asko egotean gainera, BBVA fundazioko eraikineko bigarren solairuko hainbat gela zabaldu zituzten entzule guztiak sar zitezen. Gela zentralean, aditua hizketan zegoen bitartean, beste geletan kokatutako telebistetatik ikus zitekeen guztia, xehetasun handiz.
Hitzaldia amaitzean bertan bildutako entzule guztiei galderak egiteko aukera eman zitzaien, Unai Ugaldek (UPV-EHU) gidatutako solasean.
Egilea: Aitor Gametxo
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: fern elsdon baker darwin wallace darwinismo wallacismo eboluzioa bbva fundazioa hitzaldia konferentzia aitor gametxo
Iruzkinak: 0
Chema Madoz argazkilariak bere lanari buruzko gogoeta egin zuen martxoaren 13an Artium museoan objektuek bere obran duten garrantzian oinarrituz.
"Xehea baina nahaspilatsua izango naiz" hitzekin hasi zuen madrildar argazkilariak Gasteizko Artium museoko emanaldi aretoan eman zuen hitzaldia. Ekitaldiaren muina bertan elkartu ziren lagunei bere obra aurkeztea zen eta horretarako proiektatu zuen argazki selekzio batez baliatu zen. Argazkilariak azaldu zuenez, bere argazkien helburua errealitate paralelo batean agertzen diren egoerak irudikatzea da.
Horregatik zuri beltzeko argazkiak erabiltzen ditu, "irudimenezko mundu batekoak" direla adierazteko bidea delako. Bere argazkietan ikusten diren objektuak benetakoak dira, asko berak eskuz egindakoak. Berez erlaziorik ez duten bi gauza harremanean jartzen ditu, "prestatutako naturaltasunez".
Horrela bada, koilara batek sardexka itxurako itzala izango du. Madoz-ek adierazitako objektuen sinbolotasuna eta arima bilatzen du bere lanaren bitartez eta horrela ikusleei interpretaziorako bidea irekitzen die. Bere azalpenetan tokia egon zen ere argazkilaritzaren munduan izandako bere hastapenei buruz hitz egiteko.
Hasieran kamera erosi eta pertsona eta objektuak hondo batekin erlazioan irudikatzera ekin zion. Denborarekin pertsonak alde batera utzi zituela argitu zuen, hauek artistikoki "arrazoi formal huts bezala" erabiltzen zituelako. Hitzaldiaren bukaeran, bertan bildutako lagunek artistari galderak egiteko aukera izan zuten.
Hauek argazkietan ikusten diren objektuen izateei buruz interesatu ziren batez ere, asko irudikatzeko bereiziki eraikitakoak direlako. Bestetik, objektu eta hauen esanahi edo esentziari buruz galdetu zuten, poetika bisualari buruz eztabaidatzen jarraituz.
Egilea: Maitane Junguitu Dronda
Kategoriak: denetarik EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: artium chema madoz madrildar madrileno fotografia fotos argazkiak argazkilaritza hitzaldia conferencia objetos objektuak
Iruzkinak: 0

Inprimatu





