![]() |
| Tag kantugintza (1) | 1/1 |
Lourdes Iriondo zenari omenaldia eskaini dio Euskal Kantuzaleen Elkarteak URNIETA. Hil-kanpaiak entzuten dira Urnietako Mikel Goi-aingeruaren Elizatik, Lourdesen herriko elizatik. Giro eguzkitsua. Ezkil hotsek bakarrik gogorarazten dute Lourdes Iriondo joan zen eguna, abenduaren 27 zinez hotz hura. Kanpandorreko hotsek, eta inguruan jarritako kartel batek: “Lourdes Iriondoren omenezko kantaldia, kantari berrien ahotan”.
Gazte ageri da Lourdes karteleko irudian, eta gazteek egingo diote omen, bere herrian bertan, hain maitea zuen elizaren ondo-ondoan, Sarobe aretoan. «Ahots indartsua, bakarra, garbia zuen Lourdes Iriondok», diote ekitaldiaren hasieran. Gogoan dute hori aretoa leporaino betetzen duten 200 lagunek. Agertokian dagoen Lourdesen irudiari begira daude, adi, oroitzapenak gogoratuz. Tartean da Lourdesen senar Xabier Lete, kantari ezaguna bera ere. "Hitzak" hartu dituzte abiaburu, «haizeak farrez daramazkie-nak».
Laster azalduko da "Errota zahar maitea" ere, Xabier Lete senarrarekin hainbestetan kantatu zuen kantu ezaguna. "Bolon-bolon" sehaska-kanta ederra ere bai, haur petralenak ere goxatzeko modukoa. Eta zer hobe haurra baretu ondoren ipuin musikatu bat kontatzea baino. Haurtzale amorratua zen Lourdes Iriondo, ipuin-kontalari asperrezina, eta haurrentzat ere egin zuen lanik. "Laminak" ipuinarekin harrituta daude bertaratutako haurrak.
Herritarrak ere bai Entzun ez ezik, kantatu ere egingo dute haurrek. Lourdesek hain maite zituen umeek, bere herrikoek. Zer poza hartuko zuen Lourdesek bere herriko haurrak "Non zaude eguzki?" eta "Hego haizea" abesten ikusita! «Hego haizearekin gure Herria / euskal giro bat indartzen / ibiliko gara zahar eta gazteak / gure mintzairan abesten», diote haurrek. Herritar helduxeagoak ere badira.
Lourdesen kantu ezagunenetako bat dakarte hauek, "Izotz-ondoko" eguzki ezaguna. Erdialdera, gailurra Bi neska gazte datoz elkarren jarraian, ileak lazteko moduko ahotsarekin. Nafarroako eta Gipuzkoako Kantu Txapelketetako irabazleak. Lehena igo da oholtzara, Jaione Olazabal aresoarra. Edozein elizatako hormak ere mugitzeko moduko ahotsarekin "Abesten dizut, Jauna" eliz abestia. Indartsu baina gozo; ikusgarri eta sarkor. Malkoak ateratzeko moduko emanaldia berea, eta malkoren bat atera duena.
Ez gutxiagorakoa bigarrena, Irati Odriozola oiartzuarra. Doinua ez ezik, letra ere aparta: «Nabil, eta nabilelako nago hain triste / ikusirikan denok hain urrun / gauzak hain ilun / begiak lauso / eskuak hain hutsik / nabil, eta nabilelako nago hain zikin». Lourdesen hutsunea nabaritzeko letra bikaina. Hamahiru Kantu bakoitzeko larrosa bat daramate kantariek, eta mahai baten gainean uzten dute.
Hamahiru kantu izango dira. Zenbaki esanguratsua euskal kantagintzan. "Ez dok amairu" taldeko sortzaileetakoa izan zen Lourdes Iriondo. Herriz herri ibili zen kantatzen, ez arrakastaren bila, jendeak eskatzen ziolako baizik. Dena dela, arrakasta izan zuen Lourdesek, taldeko kide gehienen antzera. Hamahirugarren larrosa, azkena, guztiek batera jarri dute, denek batera kantatu baitute.
Gazteak izan dira kantari eta Lourdesek badu kanta aproposa gazteriaren ingurukoa: "Gazte gera gazte". Kantari guztiek batera abestu dute, publikoarekin batera. Txalo zaparrada batek amaitu du abestia. Emozioari eutsi ezinik, publiko artetik gizon bat altxa da eta, Lourdesen kantaldietara maiz joaten zela gogoratu ondoren, kantaldiaren aurrean hunkituta, argi esan du: «Lourdes bizi da!».
Azken txalo zaparrada batek amaitu du ekitaldia. Urnietako plazan jada ilundu du, ez dago argitasunik. Kanpai hotsak ere isildu dira. Hotza da nagusi. Kanpai hotsek ez, hotzak gogorarazten du orain Lourdes hil zeneko abenduaren 27 hotz hura.
Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria
Kategoriak: denetarik
Tags: lourdes iriondo omenaldia euskal kantugintza
Iruzkinak: 1

Inprimatu





