Tag katamalo (4)1/4
2008/05/07

Arratsaldeko 19.30ean Katamalo musika taldeak 200 gazte inguru bildu zituen Ekonomi eta Enpres Zientzien Fakultatean bere azken lana aurkezteko: Bihotz Bakartien Kluba. Kanpaien hotsa, eszenatoki erdialdean jarri zuten erloju baten TIK-TAK hotsak estali zuen. Hura zen lehen kantuaren hasiera, emanaldi atsegina izango zenaren hastapena.

Aretoan eserleku guztiek euren jabea zuten eta inguruan lekurik gabe geraturiko jendea zutik zegoen; guztiak eszenatokira begira. Argiak itzali eta TIK-TAK hots hura Gotzon Barandiaranen ahotsaren melodiak osatu zuen, poesia eder batekin. Metaforen bidez beren burua aurkeztu zuten apurka-apurka “...hurbiltzen da lehen katamaloa, buru makur bada ere...” eta jende guztiak adi jarraitu zituen hitzak.

  

Katamalo hitzak “maskara” esan nahi du eta beraien azalpenaren arabera, eszenatokian beren katamaloak kendu nahi zituzten, diren bezala azaltzeko. Muika tresna ezberdinek musika osatu zuten: Nerea Urbizu pianoan, ahotsean eta kajoian, Aintzina Lekue biolinean, Gorka Urbizu gitarran eta ahotsean, Gorka Mugarza soinuan, Itsaso Etxebeste bajuan eta Alex Arregi azkenik gitarra eta ahotsean.

Lehen txalo sortak ez zuen gehiegi itxaron, “Ez dezala mikrofonoak agindu” kantua amaitu bezain laster entzun baitzen. Musikaz josiriko poesiak irribarre zabala sortarazten zuen ikuslegoan eta asko ziren Gorka Urbizu kantatzen laguntzen zutenak. Neskak eta mutilak, hitzontziak eta ixilak, batez ere gazteak baina baita helduak ere.

Sarrera dohainekoa zenez, giro ezberdinak leku berdin batean elkartu ziren, poesiaren bidez sentimenduak azaleratzeko. Sarrionandiaren lan ugari hartzen dituzte eta musikarekin moldatuta “Gurarika” bezalako kantuak sortu dituzte. Baina beraiek sorturiko testuak eta poesiak ere entzun ahal izan ziren. Argi gutxi eta isiltasunak, ordu eta erdi inguru lasaitasunez gozatzeko aukera eman zuten. Katamalo taldea, ekimen berri bat sortzeko helburuarekin sortu zen Larrabetzu auzoan.

Musika hutsa eskaini beharrean, jendea pentsakor geratzea lortu nahi zuten. Poesiari musika erantsiz, erritmoa bihotzera iristea nahi zuten. Baita lortu ere. Tolosa, Deustu... gune ezberdinetakoak dira taldea osatzen dutenak. Gorka Urbizu Berri Txarrakeko abeslari izateagatik ezaguna denaren ahotsak, kilima bereziak sortarazten ditu barnean.

Bere arreba Nerea Urbizuk ere, ahotsaren tinbre antzekoa duela erakutsi zuen. Azkar igaro zen denbora eta gizartea arduratzen duten gai ezberdinak landu zituzten: genero biolentzia, injustiziak, lan istripuak.. Euskal preso lekeitiar bati ere eskaini zioten “Min hau” kantua eta ohikoa baino txalo ozenagoak entzun ziren, emozioaren seinale.

Preso honek idatzi baitzuen kantuaren letra. Kontzertua amaitzean, jendeartean iritzi onak entzun ziren. Eguna amaitzeko modu berezia izan zen.



Egilea: Nagore Arriaga Unsain
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: katamalo sarrikon
Iruzkinak: 0


2008/05/04

Katamalo taldeak doinu erakargarri eta lasaiez bete dute asteazken arratsaldea

Zazpiak aldera hasi zen betetzen Sarrikoko Unibertsitateko Aula Magnaren kanpoaldea, kontzertua hasteko zain zeuden unibertsitarioez gehienbat. Ordu erdi geroago, eszenatokia ilundu eta Bihotz Bakartien Kluba agertu zen txalo artean.

Talde hau Alex Arregi, Gotzon Barandiaran, Itxaso Etxebeste, Aintzina Lekue, Gorka Mugarza, Gorka Urbizu eta Nerea Urbizuk osatzen dute, eta Barandiaranen poemei musika eman diete, Arrakalak ikuskizunarekin egin zuten bezala.

  

Metronomoaren ardatza oinarri hartuta, Gurarika, Iruntzi Dana eta Ukatu Egin Behar Nizun Zoriona bezalako kantek ikusleria bidai liriko batean murgildu zuten, kanta bakoitzaren aurretik Barandiaranen interpretazioekin batera: sarrera poetiko txikiek kantei irekitzen zioten lekua, eta etenaldirik gabeko emanaldia aurrera jarraitzen zuen, beti ere argien eta erritmoaren menpean.

Nabaria izan zen Gorka Urbizuren presentzia, Berri Txarrak taldeko abeslaria izanda txalorik gehienak hark abestutako kantetan entzun baitziren; gainerakoak Alex Arregi kitarrak, Nerea Urbizuk (teklatua eta kajoia) eta Barandiaranek berak abestu zituzten, tematika handia jorratzen zituztenak: gai sozialak, gizakien arteko harremana, biolentzia generoa…

Izan ere, Katamalo izenak bizkaieraz ‘maskara’ esan nahi du, eta kontzeptu hau izan da poemetan uztartzen dena, faltsukeriaren eta gezurraren presentzia, eta hauek ezagutzera eramatearen beldurra. Askotan kantak ikusleriaren txaloek lagunduta abestu zituzten, hauen inplikazioaren eta gozamenaren seinale; momentu berezia izan zen Min Hau kanta, Peru Aranburuk idatzitako eta Berri Txarrak taldeak 18/98 Auzolanean diskarako abestutako kanta alegia.

Amaiera atsedenaldi baten ostean, ‘katamaloak’ eszenatokira itzuli eta kanta pare bat abestu zituztenean etorri zen, metronomoaren hotsak isilunea sortu zuen arte; amets batean bezala, Aula Magna husten hasi zen, gehiago entzuteko gogoarekin gelditu zirenak kanpora atera zirenean.



Egilea: Leire Alvarez Gomez
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: katamalo kontzertua sarriko ehu
Iruzkinak: 0


2008/05/02

Sarrikoko Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultatean guztia zegoen prest. Katamalo taldea eszenatokira irten bezain pronto hasi ziren txaloak. Arratsaldeko zazpi eta erdiak besterik ez ziren arren giroa paregabea zen jada. Kontzertua izango zenaren aurrekaria.

Argiak itzali ziren eta gora arte betetako areto hartan lehen abestiaren lehen notak entzun ziren. Zortzi instrumentu eta ahots ikaragarria harmonia perfektuan.

  

Nerea Urbizuren piano eta kaxak, Aintzina Lekueren biolinak, Gorka Mugarzaren soinuak, Alex Arregi eta Gorka Urbizuren ahots eta gitarrek eta Itsaso Etxebesteren baxuak, Gotzon Barandiaranek irakurritako poemei lagundu zieten. Katamalo, poesia eta musika batzeko asmoz

Larrabetzun sortutako musika-taldea da. Musika-taldea baino, proiektu bat dela esan dezakegu beraz, jada sortuta dauden letrekin lan egiten baitute, baina halere kantu propioak ere badituzte. Honezgain, Katamalo taldearen xede garrantzitsuena kontzertuak ematea den aldetik, diskoak saltzeko asmo berezia ez dutela esan dezakegu.

Gotzon Barandiaranek orduan, zazpi eta erdiak pasatuta, mikrofonoa piztu eta ahots paregabez “Ez dezala mikrofonoak agindu” poemari hasiera eman zion. Minimalismoz beteriko poemek, musikaren laguntzaz intentsitate eta indar berezia lortzen zuten. Publikoak bitartean, isiltasunean zirauen, eszenatokiari so, bilatzera joan zena aurkituko balu lez.

Tartean, kanta bat bukatu eta beste bat hasi baino lehen, Barandiaranen hitzek tristura eta poza sentiarazten zuten aldi berean. Lan-istripu edota genero indarkeriaren bezalako gai finak tratatu ziren, ikuspuntu berezi bat eskainiz, poesiaz estalirik.

Honen kontura, Irala kalean duela gutxi hildako Endurance gazte nigeriarra aipatu zuten, berriz ere oso era poetikoan, publikoaren barnean sentimendu desberdinak sentiaraziz. Zazpi kantuko diskoak, zuzenean gehiagorako ematen zuela zirudien.

Tartean tartean Berri Txarrak taldeko kide den Gorka Urbizuk talde horretako kanturen bat abestuz eta esandako Barandiaranen hitzak tartekatuz, kontzertu luze bezain atsegina ematea lortu zuten Katamalo taldeko kideek.



Egilea: Aitor Gametxo
Kategoriak: gizartea EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: katamalo bihotz bakartien kluba poesia joseba sarrionandia maialen lujanbio sarriko ekonomi eta enpresa zientzen fakulta
Iruzkinak: 0


2008/04/29

Neska mutil asko zeuden Sarrikoko EHUren canpus barruan arratseko zazpi t’erdietan aula magnako ateak noiz irekiko zain. Bihotz Bakartien Klubeko partaideak ere prest zeuden Katamalo proiektua taularatzeko. Ateak ireki bezain laster, aretoko aulki guztiak ikaslez bete ziren; asko Gorka Urbizu abeslariak abesten zuelako soilik gerturatu ziren, beste batzuk,ordea, Katamalo proiektuko olerki eta kantuez gozatzeko.

Argiak itzali eta taldeko 7 partaideekin batera metronomo bat zegoen, aurkezpeneko doinuari ukitu berezi bat emanez, sarritan musikarien etsaia den tresna lagun bihurtuz. “Katamaloak astiro hurreratu dira” hasi zen Gotzon Barandiaran olerkariaren ahotsa. Momentu hartatik aurrera, ikusleak mundu goxo eta intimo batean barneratu ziren, kantuz kantu gero eta gehiago gozatuz.

Jarraian etorri ziren “Ostondu sakon poza” bezalako kantuak eta baita Alex Arregik ahotsa jartzen dion “Zerbait garrantzitsua” kantua ere. Ikusleak adi-adi eta lasai zeuden, kantu ezagunenak jotzen hasi ziren arte. “Etzi datorren egunaren ostean etorriko naiz esan zenidan” dio “Gurarika” kantuaren estribiloak eta momentu hartatik aurrera ikusleen ahots lotsatiak entzun ziren etengabe.

  

Kantuen tartean, Gotzon Barandiaranek bere eserlekuko lanparatxo gorria piztuz olerkiak errezitatu zituen: Sarrionaindiak idatzitako “Ariane”, Endurance izeneko emakume baten heriotzaren ingurukoa beste bat, presoei buruzkoa… betiere, bere ahots goxoaz ikuslea maiteminduz. Aintzina Lekue bere bibolinarekin kantu baten sarrera jotzen hasi zenean bizitu zen momenturik bereziena.

Ikuslegoa bere eserlekutik emozioz betetzen hasi zen, ongi baitzekien “Iruntzi dana” kantua zetorrela, taldearen lehen singlea. Hain arrakastatsua izan den kantuaren unean ezin jendea kantatu gabe egon, eta Gorka Urbizuren ahotsaren azpitik neska ahots koroak entzun ziren. Honela agur esan zuten, nahiz eta denek espero beste bat oihukatu ondorengo kantu parea.

Eta halaxe izan zen. Gotzon agertu eta olerki bat irakurri ondoren, Gorka eta Itxaso Etxebeste baxujolea taularatu ziren Berri Txarrak taldeak 18/98ren aldeko CDrako konposatu zuen “Min hau” kantuaren bertsio akustikoa jotzera. Hau ere emozioz beteriko unea izan zen.

Azkenik, taldekide guztiak igo ziren, Gotzon, Gorka, Alex, Itxaso, Aintzina, Gorka Mugarza akordeoijolea eta Nerea Urbizu teklatu, ahots eta kaxa-jolea, eta Maialen Lujanbio bertsolariak idatziriko kopla batzuekin eginiko mexikar doinua zuen kantua kantatu zuten; aurreko kantu guztiek sorturiko egoera lasai eta ametsezko horretatik esnatzeko ezinhobea, erritmoz betea, dantzagarria… kontzertua bukatzeko kantu aparta.

Bukatzeko, metronomoaren laguntzaz,berirro ere, Gotzonek amaierako testua irakurri zuen, bertan argi utziz, beraiek ezagutu nahiz izanez gero, zein diren jakin nahi izanez gero, ez ditugula jainko, izar.. bezala ikusi behar; gu bezalako pertsonak bezala ikusi behar ditugula, soilik orduan jakingo baitugu zein diren. Katamalo proiektu oso interesgarria da, ez galdu euren olerki eta kantuez gozatzeko aukera!



Egilea: Lide Agirrezabala Goņi
Kategoriak: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: katamalo bihotz bakartien kluba bilbo sarriko
Iruzkinak: 0


Berria igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:



Zer da hau?
Zure esku jarritako tresna bat da honako hau. Bi aukera daude: - Gai bat proposatu EiTBko profesionalek landu dezaten. - Zure albisteak zuzenean bidali. Testuak, argazkiak, bideoak eta audioak. Egunerokotasuna, gertakizunak, hurbileko kontuak, edo urrunekoak,... Gainera ETBko albiestegietan atera daitezke. Animatu eta kontutan izan arau hauek:

1)Titularrak letra xehez bidali. Letra larriz idaztea oihu egitearen baliokidea da Interneten.

2)Testuetan albisteak kontatu. Gogoratu hau herritarrek egindako kazetaritza dela. Iritziak emateko tartea ondoan daukazu. Albistea publikatutakoan, hortxe plazaratu ahal izango duzu iritzia.

3) Ekimen honen bidez, erabiltzaileei leiho bat zabaldu nahi diegu; albiste handi baten lekuko izan diren erabiltzaileei zein horren ohikoak ez diren berriak kontatzen dituztenei, edota politikaren eta horren ingurutik urrun dauden gaiak hurbiltzen dizkigutenei. Politika eta inguruko kontuak ez dira honen helburu, eta badute lekua taldeko komunikabideetan.

4) Ulergarriak ez diren titular eta testuak editatu ahal izango dira gainerako erabiltzaileek uler ditzaten.

5)Argazkiak ondo fokatuta bidali. Bideoei dagokienez, berriz, ez mugitu kamera batetik bestera, ahal duzun neurrian behintzat. Audioak, azkenik, entzuteko modukoak direnean bidali.
Bilatu
Bilatu tokia
Azken iruzkinak
Ahots gazteari, gazteek omen - Garikoitzen fan bat..jajajaja - 2008-05-01 00:52:03
Asteburu honetan erabakita gelditu dira Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak - pedro - 2008-04-01 20:08:12
Olibondoak Gipuzkoan - Urtzi Jauregibeitia Martinez - 2008-01-28 11:03:38
Lekittoko Saihesbidia - Naroa - 2008-01-23 09:34:14
Sukabi gazte lokal berria Bilboko Otxarkoaga auzunean - Sukabi Gazte Lokala - 2007-11-27 14:55:15
Kategoriak
Artxiboak
Hilean herri-kazetari aktiboena
Urtean herri-kazetari aktiboena
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu