![]() |
| Tag lujanbio (1) | 1/1 |
Sarrikoko Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultatean guztia zegoen prest. Katamalo taldea eszenatokira irten bezain pronto hasi ziren txaloak. Arratsaldeko zazpi eta erdiak besterik ez ziren arren giroa paregabea zen jada. Kontzertua izango zenaren aurrekaria.
Argiak itzali ziren eta gora arte betetako areto hartan lehen abestiaren lehen notak entzun ziren. Zortzi instrumentu eta ahots ikaragarria harmonia perfektuan.
Nerea Urbizuren piano eta kaxak, Aintzina Lekueren biolinak, Gorka Mugarzaren soinuak, Alex Arregi eta Gorka Urbizuren ahots eta gitarrek eta Itsaso Etxebesteren baxuak, Gotzon Barandiaranek irakurritako poemei lagundu zieten. Katamalo, poesia eta musika batzeko asmoz
Larrabetzun sortutako musika-taldea da. Musika-taldea baino, proiektu bat dela esan dezakegu beraz, jada sortuta dauden letrekin lan egiten baitute, baina halere kantu propioak ere badituzte. Honezgain, Katamalo taldearen xede garrantzitsuena kontzertuak ematea den aldetik, diskoak saltzeko asmo berezia ez dutela esan dezakegu.
Gotzon Barandiaranek orduan, zazpi eta erdiak pasatuta, mikrofonoa piztu eta ahots paregabez “Ez dezala mikrofonoak agindu” poemari hasiera eman zion. Minimalismoz beteriko poemek, musikaren laguntzaz intentsitate eta indar berezia lortzen zuten. Publikoak bitartean, isiltasunean zirauen, eszenatokiari so, bilatzera joan zena aurkituko balu lez.
Tartean, kanta bat bukatu eta beste bat hasi baino lehen, Barandiaranen hitzek tristura eta poza sentiarazten zuten aldi berean. Lan-istripu edota genero indarkeriaren bezalako gai finak tratatu ziren, ikuspuntu berezi bat eskainiz, poesiaz estalirik.
Honen kontura, Irala kalean duela gutxi hildako Endurance gazte nigeriarra aipatu zuten, berriz ere oso era poetikoan, publikoaren barnean sentimendu desberdinak sentiaraziz. Zazpi kantuko diskoak, zuzenean gehiagorako ematen zuela zirudien.
Tartean tartean Berri Txarrak taldeko kide den Gorka Urbizuk talde horretako kanturen bat abestuz eta esandako Barandiaranen hitzak tartekatuz, kontzertu luze bezain atsegina ematea lortu zuten Katamalo taldeko kideek.
Egilea: Aitor Gametxo
Kategoriak: gizartea EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako ikasleek bidalitako albisteak
Tags: katamalo bihotz bakartien kluba poesia joseba sarrionandia maialen lujanbio sarriko ekonomi eta enpresa zientzen fakulta
Iruzkinak: 0

Inprimatu





