Tag saioa (2)1/2
2008/05/22

Aurten, lehenengo aldiz, ekainean izango da sustraiez Blai Jaialdia. Zortzi urte daramatza Beasaingo Sustraiez Blai Kultur Elkarteak munduko musiken jaialdia antolatzen eta jadanik, lortu du bere tokitxoa Euskal Herriko jaialdien artean, Goierrin bertan nahiz kanpoan eman baita ezagutzera.

Edizioetako bakoitza ezberdina izan da orain artean eta zonaldeko herri ezberdinetan antolatu izan da. Aurtengoak, berrikuntza ugari dakartza; besteak beste, jaialdiaren data bera. Izan ere, lehenengo aldiz ekainean ospatuko da musika-jaialdi nagusia, hain zuzen ere, ekainaren 28an, larunbatarekin, Legorretako Harripila kiroldegian, gaueko 22:00etan hasita.

  

Hori horrela, aurtengo edizioak bi une ezberdin izango ditu: bata, ekainean, orduan izango baita jaialdi nagusia eta bestea, berriz, urrian, Beasaingo Usurbe antzokiko film-emanaldia eta Ordizian, Taranga percusión (Senegal-Euskal Herria) taldearen eskutik izango den kontzertuarekin.

Ekainaren 28an, larunbata, Legorretan joko duten artistak honako hauek dira:

- Fanfare Vagabontu, Moldaviakoa (Rumania), Marseillatik etorriko dena eta ijito-musikaren doinuak ekarriko dituena.

- Fun-Da-Mental taldea, Erresuma Batutik, indiar musika tradizionala, duna, hip hopa eta perkusiozko erritmo elektronikoen nahasketa.

- Euskal Herriko GOSE taldea, trikia eta elektronika nahastuz.

- Londreseko Max Pashm DJa, erritmo balkanikoak nahastuko dituena.

- Legorretako Saioa bakarlaria, gitarra eta harmonikaren laguntzaz, popa, folka eta country berriaren nahasketa ikusgarria eskainiko digun kantaria.

Azpimarratu nahiko genuke edizio honek Balkanetako musika izango duela protagonista nagusi eta hau ez dela kasualitate hutsa izan. Goierriko eskualdean Errumaniatik etorritako etorkin-kopurua oso handia da eta gure jai honetara gonbidatu nahi izan ditugu. Gure egitasmoak musika elkar ezagutzeko bide bat izan dadila baitu helburu. Aurreko edizioan era berean planteatu zen, baina orduan magrebtar jendeari erantzunez. Segidan, 2008ko protagonisten inguruko informazio zehatzagoa:

FANFARE VAGABONTU

Fanfare Vagabontu taldeak Marseillako Festival du Soleil Jaialdian aurkeztu zuen bere burua lehen aldiz taula gainean, 2005eko ekainean, taldeko buru den Ghitsa Iorgaren eskutik. Oso hasiera polita eman zitzaion txarangaren ibilbideari, batez ere kontuan hartuta oso egitasmo kultural zabala dagoela Frantzian. Taldea zortzi musikarik osatzen dute: zazpi letoik eta perkusionista batek: Marseillako Rrom komunitateko kidea, Ghitsa Iorga, Errumaniako Moldaviatik etorritako zazpi lagunekin elkartu zen taldea osatzeko. Bertan jaiotakoak dira denak eta taldea osatu aurretik behin baino gehiagotan egin zuten topo zonalde hartako ezkontza zein bataioetan, musika joz.

Moldavian leku garrantzitsua du txarangen musikak eguneroko bizimoduan. Zonalde hartan otomanoek Errumania eta Balkanak okupatu zituzteneko garaian agertu ziren haizezko musika tresnak. Tronboiak eta txirulak etsaia uxatzeko erabiltzen ziren. Gizonezkoek txiki-txikitandik ikasten dute tronpeta, klarinetea edo tuba jotzen. Melodia eta dantza tradizionalak oso erritmo bizian jotzen dira…

Balkanetako doinuek sorgindu egiten gaituzte. Bromazale eta parrandazaleak izanik, Vagabontu txarangako musikariek Frantziako eta Frantziaz kanpoko areto eta jaialdietara eraman dituzte beren doinuak. Hainbat artista ezagunekin ere inprobisatu dute; Sanseverino, Rona hatner, Poum Tchack edota Fanfare Ciocarliarekin, besteak beste. Disko bakarra eman dute argitara momentuz, Dour Karal izenekoa, taldearen espiritu ibiltaria jasotzen duena. www.vagabontu.org www.myspace.com/vagabontu

FUN-DA-MENTAL

Fun-Da-Mental izango da Sustraiez Blai jaialdira bigarren aldiz datorren talde bakarra, 2004ko edizioan ere parte hartu baitzuen, nahiz eta garai hartan lau musikariko formazioa etorri zen. Eta hau gertatzeko arrazoia oso sinplea da: kaleko jendeak berriz ere etor daitezen eskatu die antolatzaileei. Izan ere, arrakasta itzela lortu zuen taldeak lehenengo emanaldi hartan.

Etengabeko aldaketan ari den taldea da hau, 1991n sortu zena eta talde-buru den Aki Nawaz-en hitzetan, helburu jakin bat duena: guztion arteko tolerantzia eta errespetuzko zubiak eraikitzea Fun-Da-Mental taldearen izaera borrokalaria da oso, 90eko hamarkadan Asian Dub Fundation taldearekin batera (talde hau ere Sustraiez Blai Jaialdian izan zen, 2006an) angloasiar musikaren joerarik militante eta konprometituena erakutsi zuena.

“Black muslims” eta autodefentsarako mugimendu beltzen eraginpean eta joan den hamarkadaren hasieratik Aki Nawaz buru duela, jatorri pakistandarreko produktore lotsagabea berau, musikari eta ideologoa, metalaren aitzindari izan zen Southern Deat Cult (The Cult-en aurrekaria) taldearekin, Fun-Da-Mentalek kontzientziak nahastu zituen bere lehen albumarekin, beren kasa editatutako ‘Seize the time’rekin. ‘Dog Tribe’ singleak ikaragarrizko eztabaida sortu zuen M 18 talde faxistak Youth Against Racism erakundeko buruzagiak mehatxatzen zituen mezu bat erabili zuelako.

Britainiar prentsak punk globaltzat hartu zituen bere tradiziozko musika indiarra, dub-a, hip hop-a eta erritmo elektronikoak eta Aki, Propaghandi ezizenez ere ezaguna, asiar Chuck D-a edota Jonny Rotten pakistandartzat jo zuten. Musika arma politikotzat hartu eta Nation zigilua indiar artisten espresiobide eta promoziorako plataformatzat, birak egiten hasi ziren eta 98an ‘Erotic terrorism’ iraultzailea kaleratu zuten.

Hiru urte beranduago, beren musika erasotzaileari dimentsio globalago eta irekiagoa erantsiz erantzuna emango zioten, lehen aipatu ‘There Shall be love’ lanarekin. Muga ideologiko eta musikalik gabe zabaldu ziren disko honetan, eta errezitatutako pasarteak eta sampler oldarkorren ordez etno techno politiko eta globalaren alde eginez, asiar beats modernoetatik abiatuta, Mahalia Jacksonen gospelera, hegoafrikar kantuetara, bengalar taupada tradizionaletara, pakistandar qawwalira edo hirurogeita hamar urtetik gorako mitikoen indiar musika klasikora ireki ziren. Ideologia, hiriko musika beltza eta Fermin Muguruzaren (bere musika ere nahastu zuten) arreta lortu zuten. Aktibismoa, arraza-bereizkeria edota “gaur egungo musikan dagoen konpromiso eza” dituzte beti ahotan, baita bere azken lana den “All is war” lanean ere, gudaren aurkako aldarrikapen oihu garbia dena. www.fun-da-mental.co.uk

GOSE

2004an hasi zen talde moduan jotzen GOSE, nahiz eta denbora dezente behar izan duen gaur egun hain ezaguna de taldea bihurtzeko. Hainbat arrazoi izan dira tartean, esaterako, Eutsi! filmaren abesti nagusia konposatu izana edota Carlinhos Brownek bere azken diskoaren aurkezpenerako egindako biran hasierako taldea izatea.

Bere ezaugarririk nabarmenena da oso tradizionala den euskal musika tresna bat, trikitixa, hain zuzen, musika elektronikoarekin nahasten dutela. Emaitza, ezinbestean, harrigarria da. Bi disko kaleratu dituzte oraingoz, biak ere izenik gabeak, nahiz eta diskoen azalen koloreak erraz desberdintzen dituen biak. Edukia, ordea, oinarri beraren gainean eraikita dago eta oso giro beroa sortzen dute: munduko musika, dantza soltea, rocka, punka, glama eta bosa nova, esaterako. www.gose.info

MAX PASHM

DJ Max Pashmen soinua Greziako, Balkanetako, ijitoen eta klezmer musiken arteko nahasketa da, erritmo elektronikoekin batera eta Max Pashmek berak modu digitalean manipulatutakoa. Oraingoan, DJ moduan aurkeztuko du bere burua Maxek, nahiz eta talde formatuan ere lan egiten duen. Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eman zen ezagutzera Max Pashm, bere lehenengo diskoari esker: Sony music-ek 1997an kaleratu zuen ‘Weddings, Bar-mitzvahs & Funerals’.

Ordutik hona, mundu osoan zehar bidaiatu du, bere lan ona erakutsiz eta world/fusion musikan aitzindari izan da. Nitin Sawhney eta Levellers taldearekin lan egin du eta hainbat artista remixatu ditu: Ekova, Ska Cubano o Sex Pistols, batzuk aipatzearren. “Queen of Sikim” abestia Europako disko-zerrendetan punta-puntan egon zen garai hartan. Bere lan berria “Never mind the Balkans” izenekoa da eta 2008ko apirilean aurkeztuko da modu ofizialean, Erresuma Batuan Elektrikos/Organikos zigiluaren eskutik eta Europan, berriz, Frantziako Mosaic music diskoetxearekin. www.myspace.com/maxpashm

SAIOA

Badira urte batzuk Legorretako abeslari hau konposatzen eta musikaren munduan bere burua ezagutzera ematen saiatu zela, baina iaz erabaki zuen bazela garaia bere konposizioak erakusteko eta bere izena bezain saiatua izateko.

Horrela iritsi ziren gipuzkoako Moonpalace records zigiluraino bere lehen lana osatuko zuten abestiak, “Particular land” izeneko 6 abestiko diskoan bilduak. Maiatzean, berriz, bigarren lana etorriko da, eta oraingoan hamaika abestik osatuko dute diskoa. Gaztea bada ere, erreferentzia asko eta oso onak asimilatu eta itxuratzen jakin du Saioak.

Batzuk aipatzearren, eta urrutira joanez, hasierako eta onena izan zen cat power edo bright eyes-en emozioen urratzea eta bertagokoekin jarraituz, Ainara Legardon edota Anari bera. Gitarra eta harmonika lagun dituela, eta euskaraz nahiz ingelesez abestuz, Saioak ez dirudi berria ofizioan, bere gaztetasuna gaindituz, ikaragarrizko heldutasuna erakusten baitu, Sustraiez Blai jaialdian sumatu nahi dugun berbera.

www.moonpalacerecords.com

jaialdiaren inguruko informazio gehiago: www.sustraiezblai.org helbidean



Egilea: Sustraiez Blai Kultur Elkartea
Kategoriak: denetarik
Tags: jaialdia fun-da-mental sustraiez blai max pashm saioa gose
Iruzkinak: 0


2008/05/22

Badira urte batzuk Legorretako abeslari hau konposatzen eta musikaren munduan bere burua ezagutzera ematen saiatu zela, baina iaz erabaki zuen bazela garaia bere konposizioak erakusteko eta bere izena bezain saiatua izateko.

Horrela iritsi ziren Gipuzkoako Moonpalace Records zigiluraino bere lehen lana osatuko zuten abestiak, “particular land” izeneko 6 abestiko diskoan bilduak. Maiatzean, berriz, bigarren lana etorri zen, eta oraingoan hamaika abestik osatu dute diskoa. Hil honetan bere herrian, Legorretan, ospatuko den Sustraiez Blai Jaialdiari emango dio hasiera.

  

Nola eman zenuen zure abestiak disko batera ekartzeko urratsa?

Behar hutsagatik. Gorputzak, buruak, eskatzen zidaten jendearekin abesti bidez komunikatzea, niri iruditzen zitzaidan modurik politenean. Horretaz jabetzen zaren momentuan, "beharra" dela, egin egin behar da eta kito. Beraz, grabazio estudiora joan nintzen eta hor grabatutako abestiak Moonpalace Records izeneko diskoetxe txiki "handi"ra bidali nituen;diskoetxea zuzentzen duen pertsona, Juanra, oso gustura geratu zen abestiak entzun zituenean eta disko bat kaleratzea proposatu zidan.

"Particular land" izan zen zure lehenengo lana eta jakin badakigu maiatzean kaleratu zenuela bigarrena. Nolakoa izan da bi lan hauetan egin duzun ibilbidea?

Galdera polita. Bada, garbi neukan zerbait desberdina egin nahi nuela, bai sonoritate aldetik eta baita hitzen aldetik ere. Errepikatzea gorroto dut, eta adierazpide desberdinen bila nenbilen abestiak egiteko orduan: sentimendu berdinak ikuspegi desberdinetatik deskribatu nahi nituen, instrumentu gehigarriak sartu... eta emaitza ondo egokitzen da egin nahi nuenera, bai. Zure abestiak euskaraz eta ingelesez entzun ditzakegu.

Zerk eraman zaitu bi hizkuntza horietan abestera? Eta zergatik dituzu abesti gehiago ingelesez euskaraz baino?

Jejeje... galdera hau beti egiten didate. Bada, begira, nik jotzen dudan musika iparamerikar folk-etik hurbil dago, eta ingelesa primeran egokitzen zaio mota horretako musikari. Horietako abesti batzuetan euskara sartzen saiatu izan naiz, euskara bera ere zoragarria delako, baina ez zuen batere pegatzen. Aldiz, beste abesti batzuetan perfektu gelditzen da.

Orain, disko berrian, 11 abestietatik 3 baino ez daude euskaraz eta kuriosoa da, zeren eta horietako bat diskoko hoberenetakoa dela iruditzen zait. Euskarak Euskal Herrian abantaila handi bat du: jendeak ulertu egiten zaitu eta hori musikariari ere iritsi egiten zaio, entzuten zaiola sentitzen du, nolabait bere "mundu sentimentala" onartua edo dela nabaritzen du...feedback emozionalaz hitz egiten ari naiz: beraiek gabe ni ez naiz existitzen...beraien aurpegiko espresioak ikusi gabe ez da musika jotzeko hainbesteko beharra sentitzen.

Oso gai interesgarria iruditzen zait hau, benetan. Ingelesaren ahoskera izugarri gustatzen zait, baina euskarak, hemen behintzat, emozionalki gehiago elikatzen nau... denborarekin alde batera edo bestera egingo dudan ez dakit, baina garbi dudana zera da: galdera horri ateak irekitzen dizkiodala eta erabakitzen dudana erabakita, beti sentimenduetan oinarritutako erabaki bat izango dela: ez da izango produktu bat saltzeagatik edota bestelako interes edo pertsonengatik... nigatik izango da.

Badakigu ez dela oso gustuko izaten "etiketak" jartzea, baina, non kokatuko zenuke, zein musika-estilotan, zure lana, zure kantatzeko modua?

Beno...euskaraz Anariren eragina badagoela uste dut... bai melodikoki bai letren aldetik. Berak metafora oso bisualak erabiltzen ditu bere hitzetan, eta nik ere pixka bat hori egiten dut. Bestalde, Kantautore terminoarekin erabat identifikatzen dut neure burua... guztiaren gainetik abestiak egin nahi baititut, abesti politak. Gutaz baino Nitaz hitz egiten dut gehiago... besteen eragina nigan, nik nola bizitzen dudan, hor dago nire abiapuntua letren aldetik. Eta sonoritatera joanda, bada, garbi dago Folk akustikoa deitu diezaiokegula egiten dudanari... jolastea gustatzen zaion ahotsa daukat, eta beharbada ahotsa izan daiteke musika estilo desberdinak biltzen dituen puntu bat. Nire musika-tresna maitatuena da.

Zuk zeuk idazten dituzu abesti guztiak. Non idazten dituzu abestien hitzak? Zerk eramaten zaitu idaztera?

Galdera polita berriz ere. Abestiak, normalean, nire logelan idazten ditut. Jada segurtasuna eta erosotasuna ematen didan inguru oro da, hala ere, leku ona idazteko. Eta "segurtasun" horretatik kanpo gelditzen den leku, pertsona, esperientzi... orok nigan duten eragina nolabait ulertzeko edota zentzu bat emateko beharrezkoak dira, baina gero beti adierazpide behar hori logelan asetzen dut.

Nahikoak al dira gitarra eta harmonika? Ez al zenuke atzean talde bat duzula gusturago joko?

Beharbada bai, baina momentuz ez daukat. Agian gusturago baino, desberdin sentituko nintzateke, ez dakit. Nik uste dut bakarrik jotze horrek xarma handia daukala... jendartean emozionalki biluzte horrek, alegia. Taldea, ona bada, nire ustez "bakartasun" horri egokitu behar zaio, eta ez aldrebes. Gitarra-jole on batek beharbada hiru nota nahiko ditu bakarlariaren esaldi bati intentsitate gorena emateko eta hori urrea da. Anariren "Zebra" diskoa entzun besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Nolakoa da jendaurrean kantatzen hasteko unea zuretzat? Nabaritzen al duzu "beldur eszenikorik"?

Bai, badut beldur eszenikoa, baina aldi berean nolabaiteko "biluzteko" gogoa ere bai... exhibizionista puntua dut, jajaja... Jendaurrean kantatzea oso garrantzitsua da niretzat, asko gustatzen zait neure burua modu horretan besteen emozioekin komunikatzen sentitzea.

Zer da zuretzat musika "ona"?

Galdera ez oso erraza eta ona. Bada, begira, nik uste dut bakoitzarentzat musika ona, on sentiarazten dion edozein melodi dela. Oso garrantzitsua da "bakoitza" hitza gustuei, beharrei dagokionean. Niri ileak tente jar diezazkidakeen musikagile batek beste bati, agian, ez dio ezer esango, eta hobe hala izatea, gainera. Aspaldian entzun eta entzun ari naiz Daniel Johnston izeneko kantautore baten "Fear Yourself" diskoa; erritmo akatsak baditu, baina abestiak perfektuak dira, pop hutsa dira, bere sentimenduez dihardu... niri ileak tente jartzen dizkit.

Eta zein musika-mota gorroto duzu (gustuko ez duzunen bat baldin badago)?

Jazz musikarekin ezin dut konektatu eta Vivaldiren lau estazioetatik kanpo zerbait niri gustatzea zaila da. Eta bai, gorrotoa sentitzen dut horiek entzutean... baina nahiago dut pentsatu ez dudala konektatzen eta kito. Nahiagoko nuke dena gustatuko balitzait, baina hori ezinezkoa da, ez musikan eta ez bizitzako beste hainbat alorretan.

Noraino iritsi nahi duzu musika-munduan? Zein da zure hurrengo helmuga?

Galdera zaila eta erantzun zaila. Egia esan, ni gustura nago nagoen bezala. Pasa den urtean "teloneo" ederrak egin nituen Anari, Ainara LeGardon, Joseba Irazoki, Sr. Chinarrorekin... esango balidate ea betirako teloneo horiek egiteko firmatuko nukeen, uste dut baietz esango nukeela. Musikatik ezin da bizi, nik hala ikusten dut momentuz. Nik, bestela ere, lan egiten dut eta musikarako denbora uzten didan bitartean, primeran nago. Egia da gustatuko litzaidakeela Tanned Tin edota Primavera Sound bezalako musika jaialdi handietan jotzea, baina beti ere diskoetxe honen bitartez iritsi nahi nuke horra. Moonpalace Records-en musikarako gustua gutxik dutena da, sentsibilitate handikoa, eta gainera, nire oso lagun ona da Juanra. Horrek izugarrizko garrantzia du niretzat, etxean bezala sentitzeak, alegia.

Informazio gehiago: www.myspace.com/saioasounds

 www.moonpalacerecords.com

 www.sustraiezblai.org 



Egilea: Sustraiez Blai Kultur Elkartea
Kategoriak: denetarik
Tags: jaialdia sustraiez blai saioa
Iruzkinak: 0


Berria igo
Helbide elektronikoa: Pasahitza:



Zer da hau?
Zure esku jarritako tresna bat da honako hau. Bi aukera daude: - Gai bat proposatu EiTBko profesionalek landu dezaten. - Zure albisteak zuzenean bidali. Testuak, argazkiak, bideoak eta audioak. Egunerokotasuna, gertakizunak, hurbileko kontuak, edo urrunekoak,... Gainera ETBko albiestegietan atera daitezke. Animatu eta kontutan izan arau hauek:

1)Titularrak letra xehez bidali. Letra larriz idaztea oihu egitearen baliokidea da Interneten.

2)Testuetan albisteak kontatu. Gogoratu hau herritarrek egindako kazetaritza dela. Iritziak emateko tartea ondoan daukazu. Albistea publikatutakoan, hortxe plazaratu ahal izango duzu iritzia.

3) Ekimen honen bidez, erabiltzaileei leiho bat zabaldu nahi diegu; albiste handi baten lekuko izan diren erabiltzaileei zein horren ohikoak ez diren berriak kontatzen dituztenei, edota politikaren eta horren ingurutik urrun dauden gaiak hurbiltzen dizkigutenei. Politika eta inguruko kontuak ez dira honen helburu, eta badute lekua taldeko komunikabideetan.

4) Ulergarriak ez diren titular eta testuak editatu ahal izango dira gainerako erabiltzaileek uler ditzaten.

5)Argazkiak ondo fokatuta bidali. Bideoei dagokienez, berriz, ez mugitu kamera batetik bestera, ahal duzun neurrian behintzat. Audioak, azkenik, entzuteko modukoak direnean bidali.
Bilatu
Bilatu tokia
Azken iruzkinak
Kategoriak
Artxiboak
Hilean herri-kazetari aktiboena
Urtean herri-kazetari aktiboena
Hilean iruzkin gehien jaso dituztenak
Urtean iruzkin gehien jaso dituztenak
Blog hau sindikatu